Osakidetzak Gasteizko etengabeko osasun arreta zentroak desegin nahi dituela salatu du ELAk

2022/12/21
Gasteizko Olagibeleko osasun zentroan arazoak jasanezinak dira. 2019ko udazkenean Osakidetzak etengabeko arretako zerbitzua (EAG) desegiteko plana hasi zuenetik, egoerak okerrera egin du. Bereziki Gasteizen zeuden bi zentroetako bat, San Martin osasun zentroa itxi zenetik.

Etengabeko Arretako Guneak (EAG) osasun zentroren ordutegitik kanpo edo jaiegunetan larrialdiak ez diren egoerak artatzen dituzten zentroak dira. Gaixo kronikoei ere eskaintzen diete arreta osasun premien arabera, betiere osasun zentroko ordutegitik kanpo bada.

Osakidetzak argudiatu zuen herritarren asistentzia bateratu eta hobetuko zuela itxierak, baina errealitatea da Olagibeleko anbulatorioan dagoen EAGren asistentzia kalitatea murriztu dela, ELA sindikatutik aspalditik salatu zuen gisan.

Olagibeleko EAGko langileek egoera hori salatu dute, profesionalek ez ezik, herritar guztiek jasaten baitute. Ez dute leku propiorik, osasun zentro berean berezko kontsultek eta EAGren kontsulta espezifikoek bat egiten dute. Gainkarga handia dute, eta gorakada esponentziala gertatu da bai pazienteen kopuruan, bai patologien larritasunean; nabarmendu behar da ez daudela behar adina langile, ezta beharrezko baliabide materialik ere. Hori guztia Santiago ospitaleko larrialdiak arrazoirik gabe ixtearen ondorioz, eta, gainera, Txagorritxuko larrialdiak kolapsatzearen ondorioz.

Hori guztia gutxi ez, eta Osasun Sailak NPBko langileei behartu ditu bost urtetik beherako adingabeak artatzera, hori guztia plantillan pediatrarik izan gabe.

ELAk murrizketa politika horiek salatzen ditu, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari eskatzen dio plantilla handitzeko eta langile horiei espazio propioa ez ezik, herritarrei baldintza egokietan lan egiteko eta laguntzeko behar beste material eta tresna emateko.