Negoziaketarik ez
Osakidetzak hitz egiteko intentziorik ez duelako egin diote uko sindikatuek bilerara joateari

Aurreko larunbatean, otsailaren 25ean, EAEko hiru hiriburuetan Osakidetzaren egoera salatzeko manifestazioak deitu zituzten ordezkaritza duten sindikatu guztiek. Langile eta erabiltzaile andana hurbildu zen, egoeraren larritasuna agerian utzita. Osakidetzaren zuzendaritzak Negoziazio Mahaia deitu zuen orduan, baina sindikatuek eskatzen duten eztabaidagai bat bera ere ez zegoen ordenean.
Mahai zentzugabe horretara ez joatea erabaki dute ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGTk eta adierazpen bateratua kaleratu dute. Hurrengoak dira puntu funtsezkoak sindikatuentzat:
- Lanbide Garapeneko eredu berriaren azken zirriborroa mahaitik kentzea Osakidetzak, aldebakarrekoa izateagatik. Ordean, negoziazio zintzo, egiazko eta edukidun bat irekitzea.
- Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen % 4ko ordainketari buruzko proposamen bat mahairatzea Osakidetzak. Hamalau greba egun baino gehiago egin dituzte plantilla horiek gatazka dela eta.
Hauteskunde sindikalak, iluntasunean
Hauteskunde sindikalak maiatzean izanagatik, hauteskunde-eremuen proposamena ez die oraindik sindikatuei bidali Osakidetzak. Bilera aurretik nahi zuten sindikatuek informazioa izan, hori begiratu eta hitz egin ahal izateko. Osakidetzak, baina, informazio hori bileran bertan emango ziela esan zuen, horrela, sindikatuak mahai ingurura behartuz. Sindikatuek ez diote amuari kosk egin.
ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGTren iritziz, une honetan ez dira ematen Mahai Sektorialeko bilerara joateko beharrezko baldintzak. Sindikatuen aburuz, Osakidetzak bizkarra ematen dio benetako negoziazioari, akordioak lortzeko inolako borondaterik erakutsi gabe.