Osakidetza
II. Berdintasun Plana mahai sektorialeko sindikatu guztien gaitzespenarekin inposatu du

Gaurko Mahai Sektoriala Eusko Jaurlaritza berriaren osaketaren osteko egoeraren erakusgarri argia da: forma berriak baina politika zaharrak. ELAk behin eta berriz salatu du azken urte honetan, forma berriez gain, Mahai Sektorialaren egoera ez dela nabarmen aldatu: alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitzen du Osakidetzak, eta Mahaiak ez ditu Osakidetzaren egoera nabarmen aldatuko duten eduki garrantzitsuak eta sakonekoak jorratu.
Gaurko bileran, Osakidetzak garrantzi handiko bi gai itxi ditu: II. Berdintasun Plana eta EPE eredu berria.
-
Berdintasun-planak ez du Mahai Sektorialean ordezkaritza duen ezein sindikaturen babesik izan. Horrek argi eta garbi adierazten ditu planaren gabeziak, negoziatzeko borondaterik eza eta Osakidetzaren jarrera inposatzailea. Izan ere, gaurko bileran, Plana itxitzat ematen duela planteatu du Osakidetzak, eta inongo sindikaturen babesik ez izan arren, alde bakarrez aurrera eramango duela adierazi du. Lehendakariak eta Osasun Sailburuak publikoki balio handia ematen diote Osasun Itunean gai batzuetan lortutako adostasunari baina gaurkoan, Osakidetzak alde batera utzi du sindikatuek aho batez II. Berdintasun Plana baztertu izana.
-
EPE eredu berriari dagokionez, Osakidetzak gutxiengoan sinatu du akordioa SATSErekin eta SMErekin. Planteamenduak, ordea, ez du lortu Mahaia osatzen duten klaseko sindikatu bakar baten babesik.
ELAk salatu duenez, berdintasun-planari dagokionez, Osakidetzaren helburu bakarra formalki onartutako plan bat izatea izan da, Legeak hala eskatzen duelako. Hori bereziki larria da langileen ia %80 emakumeak direnean.
Osakidetzak ez du benetako borondaterik izan plan hau erakundean gertatzen eta errepikatzen diren genero-arrakalei aurre egiteko tresna eraginkorra izan dadin. Eta hori guztia funtsezko hiru arrazoirengatik: hasieratik, Osakidetzak negoziazio-egutegi erabat irreala planteatu du, egingarria ez zena benetan negoziatu eta adostu nahi bada 45.000 pertsona baino gehiagori eragiten dien berdintasun-plan eraginkor bat; ez da benetako negoziaziorik egon, sindikatuei eman zaien parte-hartzea urria izan da eta abiapuntua Osakidetzak prestatu eta inposatutako dokumentu bat izan da; ELAk argi dauka berdintasun-plan orok diagnostiko egoki eta zehatz batetik abiatu behar dela, eta genero-arrakaletan eragiten duten faktore guztiak aztertu behar dituela. Hala ere, Osakidetzak indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak eta datuak jasotzen ez dituen diagnostiko bat izan du abiapuntu. Diagnostiko hori osatu gabea da, eta, gainera, planaren zirriborroa landu ondoren egin eta aurkeztu da.
EPE eredu berriari dagokionez, Osakidetzak ez du kontuan hartu ELAk planteatutako proposamen bakar bat ere. Osakidetzan iraupen luzeko 24.000 aldi baterako langile baino gehiago dauden une honetan, ELAk planteatu du datozen urteetako EPEak meritu-lehiaketa bidez egitea kategoria guztietarako, Osakidetzak kategoria batzuetarako proposatu duen bezala. Langile horiek urte luzeak daramatzate aldi baterako kontratuak kateatzen, hainbat EPE gainditu dituzte eta beren kategoriako funtzioak betetzeko gaitasuna soberan erakutsi dute. Betetzeko zailak diren plazen EPEak argi erakusten du borondate politikoa egonda, teknikoki eta juridikoki ELAren planteamendua posiblea dela.