Osakidetza

Irun, Zumarraga eta Mendaroko Anatomia patologikoa desegin nahi dutela salatu du ELAk

2023/02/17
Berrantolaketekin mozorrotzea egozten dio sindikatuak Zuzendaritzari eta nola egingo duen argitu ez izana salatu du. 2016an zerbitzuaren erabateko zentralizazioa gelditzea lortu zuen ELAk.

Osakidetzak aurrera jarraitzen du zerbitzuak desegiteko politikekin. Sailburuak aipatutako kultura berriak indarra hartu du eta gero eta zerbitzu gehiago itxi nahi ditu. Orain, Gipuzkoako eskualdeetako ospitaleetako anatomia patologikoko zerbitzuaren txanda heldu da.

Urteak daramatza Osakidetzak Irun, Zumarraga eta Mendaroko anatomia patologikoko laborategiak desegin nahian, bateratze eta berrantolatze plan zuzentzailearen aitzakia erabiliz. Baina plan horren xehetasunak ez dizkie inoiz langile eta sindikatuei helarazi.

Duela zazpi urte, 2016an, anatomia patologikoa osorik zentralizatzen saiatu zen Zuzendaritza, beste behin, berrantolaketaren aitzakiarekin. Baina planaren koherentzia faltagatik eta ELAk bideratutako mobilizazioari esker gelditu egin zen plana. Gaur egun, azalpen handirik gabe eta mediku patologoa Basurtura lekualdatu dutela aprobetxatuz, Osakidetzak Gipuzkoako eskualdeko hiru ospitaleetako mediku patologoen plazak kentzea erabaki du. Bai eta anatomia patologikoko teknikari plaza bat ere. Profesionalen falta izan da aitzakia, baina lan baldintzei buruzko aipamenik ez dute egin, nahiz eta hori den eskasiaren arrazoi nagusia.

Donostia Ospitalean, Basurtun bezala

Aldi berean, Osakidetzak egiten duen planteamendua zerbitzuak Donostia Ospitalean zentralizatzea da, Basurtuko bihotzeko kirurgiarekin planteatu duen bezala. Kasu honetan, hor bezala, funtzionatzen duen eta kalitateari dagokionez murrizketa handia jasango duen zerbitzu bat desegitea planteatzen da. Anatomia patologikoko zerbitzua pazienteen biopsiez arduratzen da. Hala, laginak eskualdeko ospitaleetatik Donostia Ospitalera eraman beharko dira, trazabilitatea arriskuan jarriz, eta emaitza atzeratuko da. Hori gutxi balitz, lekualdaketa hori egiteko modua ere ez da argitu.

Gainera, jada lan karga handia da Donostiako Ospitalean, eta gaur egun jada atzerapenak ditu zerbitzu horretan. Lortuko duten gauza bakarra da eskualdeko ospitaleetako biopsiak zerrendetan atzealdean jartzea, zerbitzuaren kalitatea galtzea eta, nola ez, ospitale bakoitzeko taldeko pertsonen arteko harreman zuzena ere desagertzea, oso garrantzitsua dena.

ELAk salatu nahi du beste urrats bat dela Gipuzkoako eskualdeetako osasun arretaren desegitean. Gogora dezagun Bidasoako ebakuntza geletako gatazka, Zumarragako EAGen itxiera edo Zumarragako eta Azpeitiako haurren osasun mentaleko zerbitzuaren desegitea,. Orain zerbitzu honen txanda izan da.