Osakidetzak iruzurrez egindako kontratuak begi-bistan
ELAk langile baten behin-behineko kontratuaren bukaera errekurritu zuen, 13 kontratu bata bestearen atzetik lotu ondoren. Kontratu horiek ez zuten arrazoi zehatz bat, zerbitzuaren beharren arabera eginak zeudela bakarrik adierazten zuen Osakidetzak.
Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak Europako Auzitegiari judizio-aurreko galdera bat luzatu zion Espainiako eta Euskadiko, zein Osakidetzaren araudia azter zitzan eta Europako legediaren aurkakoa ziren ala ez argitu zezan.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Osakidetzako araudia Europako legediaren aurkakoa dela ezarri du. Auzitegiak esandakoaren arabera langile estatutarioen iruzurrezko kontratazioak lan-arloko iruzurrezko kontratuen babes bera izan behar du. Lan-arloko langileen kasuan, epaitegi batek behin-behineko kontratua iruzurrezkoa dela adieraziko balu, langile horren lanpostua langile finko baten sarrerarekin bakarrik buka daiteke, normalean EPE baten ondorioz, eta bien bitartean administrazioak ezin du bere kabuz kontratua bukatutzat eman.
Epai hau iraultzailea da eta Osakidetzako zein euskal administrazio publikoko kontratazio sistema goitik-behera aldatu beharra ekar dezake. Epaiak, era berean, argi erakusten du Osakidetzak hainbat kontratu iruzur bitartez luzatzen eta bukatzen dituela. ELAk hainbatetan salatu duen legez Osakidetzak kausa argirik ez daukan behin-behineko kontratazioa erabiltzen du lanpostu estrukturalak izan beharko liratekeenak betetzeko eta epaiak hau begi-bistan jarri du. Epai honek bide berri bat ireki du Osakidetzako behin-behineko kontratazioaren araudia alda dadin.
Horrez gain, epai honek bat egiten du ELAk Osakidetzaren aurka hasitako beste erreklamazio judizial batekin. ELAk Osakidetzari bere kontratazio ebentual guztia aztertzeko eta iruzurrean dauden egoerak estruktural bihur ditzala eskatu dio, erreklamazio honen arabera Osakidetza 4.612 lanpostu berri sortzera behartua gerta daiteke.
ELAk negoziazioaren bidea irekiko du Osakidetzarekin, bai irabazitako epai hau zein hasitako erreklamazio juridikoa azter ditzagun. Osakidetzari egoera hauek konpontzeko negoziaziorako borondatea erakuts dezala eskatzen diogu, bide judiziala ireki behar izan baitugu Mahai Sektorialean negoziatu nahi ez zutela ikusirik.
Azkenik, ELAk egoera honetan egon daitezkeen langile guztiei sindikatura hurbiltzeko deia luzatzen die, beren egoera azter dezagun eta Osakidetzaren gehiegikeriei aurre egin diezaiogun.