ELAk oinarrizko eskubideak babesteko demanda aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Osakidetzak berehala eman diezaien langileei babes-materiala

2020/04/02
ELAk oinarrizko eskubideak babesteko demanda aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Osakidetzak berehala eman diezaien langileei babes-materiala. Babes-materialik ez dagoenez, Osakidetzako 1.145 langilek eman dute positibo koronabirusagatik martxoaren 31rako; horietatik 44 ospitaleratu behar izan dituzte, eta horietako bat hil egin da. Positibo guztien % 18 Osakidetzako langileenak dira, eta ehuneko hori Espainiakoa eta Italiakoa baino handiagoa da. Krisia hasi zenetik, ELAk behin eta berriz eskatu du Osakidetzako langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hain zuzen ere, funtsezko zerbitzua delako, bereziki babestu da.

Azken asteetan salatu dugu, bai publikoki, bai Osakidetzaren beraren aurrean, babeserako materialaren eskasia. FFP2 eta FFP3 maskara gutxi daude; txabusina iragazgaitzak; maskara kirurgikoak; eskularruak; betaurrekoak eta begietako babesa; gel hidroalkoholikoa; bereizteko manparak, etab. Guztiok ikusi ditugu egunotan euren ekipoak zabor-poltsa edo beste material batzuekin egindako profesionalen irudiak. Gainera, kasu batzuetan, eskura dagoen materialak ez du behar besteko kalitaterik. Jasotako txabusina iragazgaitz batzuk oso erraz hausten dira adibidez.

Eskasi horren aurrean, Osakidetzak materiala erabiltzeko irizpideak ere prekarizatu ditu, eta horrek, zalantzarik gabe, langileen babes maila murrizten du. Hala, laneko aste oso batean ffp2 eta ffp3 maskarak erabiltzea agintzen ari da; kirurgiako maskarak berrerabiltzea apurtu arte (horretarako, txanden artean gutun-azal batean gordetzea gomendatuz); edo plastikozko mantal bat gainetik duten mantal iragazkorrak erabiltzea, protokoloek mantal iragazgaitzak erabiltzea markatzen dutenean.

Egoera hau onartezina da. Osasun-arloko langileek beren osasuna arriskuan jartzen ez duten segurtasun-baldintzetan bete behar dute beren lana, eta hori horrela dela bermatzearen arduraduna Osakidetza da. Esan gainera, hori funtsezkoa dela osasun-zerbitzua eman ahal izateko, bajek murriztutako plantilla batek arriskuan jartzen baitu herritarrei arreta ematea ere. ELAk salatu du positibo eman duten profesionalei ez zaiela bigarren test bat egiten alta eman aurretik, alta negatiboa dela baieztatzeko; aitzitik, bost egunez sukarrik ez badute, zerbitzura itzultzen dira.

Gizartearen elkartasuna oso positiboa da, baina ez dugu ahaztu behar langileen segurtasuna ezin dela hirugarren pertsonen borondatearen mende egon. Eusko Jaurlaritzak bermatu behar duela. Azpimarratu behar da, gainera, beharrezko materialek kalitate-estandar batzuk bete behar dituztela, eta emandako materialak ez dituela beti betetzen.

Azkenik, ELAk berriro aldarrikatu du funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiek beren jarduera eten behar dutela. Horrek, kutsatze-katea ekiditeaz gain, eskuragarri dauden babes-ekipamendu guztiak funtsezko sektoreetara bideratzea ahalbidetuko luke. Babes-materiala lortzeko ahalegin guztiak sektore horiek hornitzera bideratu behar dira. Onartezina da Osakidetzako langileek norbera babesteko ekipamendurik ez duten bitartean, beren jarduera eten dezaketen industria-inguruneetan material hori erabiltzea.