Osakidetza
Osakidetzak langileen segurtasuna eta osasuna babesteko baliabideak murriztea planteatu du

Mahai Sektorialak gaur egin duen bileran, Osakidetzak prebentzio ordezkarien kopurua murriztea planteatu du. Gogora dezagun haiek direla plantillaren ordezkariak lan-arriskuen arloan, eta langileen segurtasuna eta osasunaren zaintza bermatzea dela beraien eginkizuna. Azken urteotan, lan-arriskuen ondoriozko problematikak ugaritu dira, batez ere arrisku psikosozialen eta lan-kargen ondorioz.
Aldi berean, gogorarazi behar da prebentzio ordezkari horiek Segurtasun eta Osasun Batzordeen parte direla eta Batzorde horiek ez direla berritu hamarkada batean baino gehiagotan; izan ere, jakina denez, azken 10 urteetan ez da hauteskunde sindikalik izan, aurreko azarora arte. 10 urte horietan, plantillaren dimentsioak ere nabarmen egin du gora. Testuinguru horretan, eta lan osasunean inoiz baino behar handiagoak daudenean, Osakidetzak prebentzio ordezkarien kopurua murriztea proposatu du.
Zehazki, orain arteko egoerarekin alderatuta, guztira 15 ordezkari gutxiago izatea nahi du. Lan-osasunaren arloak indartu behar diren une honetan, Osakidetzak irakurketa murriztailea egin du, baliabideak murrizteko helburuarekin. Duela aste batzuk, Osakidetzan dagoen “absentismoari” buruzko datuak argitaratu ziren. ELAk gogorarazi nahi du lan-osasunari lotutako arazoak daudela, neurri handi batean, horrelako datuen atzean.
Bileran, halaber, betetzen zailak diren lanpostuen LEPa eta etorkizuneko LEParen eredua jorratu ditu Osakidetzak. Bi kasuetan, kategoria jakin batzuetarako meritu-lehiaketa bidez (azterketarik gabe) lanpostua hartzea aurreikusten da. ELAk berri ontzat jo du neurri hori, baina aukera hori Osakidetzako langile guztiengana zabaltzeko formulak martxan jartzeko eskatu du. ELAk behin eta berriz salatu ditu plantillak jasaten dituen behin-behinekotasun tasa altuak, tasa hori %50etik gorakoa baita. Horrek esan nahi du milaka langilek urteak daramatzatela aldi baterako kontratuekin lanean, eta hainbat LEP egin dituztela urte horietan zehar. Hori dela eta, ELAk meritu-lehiaketa bidezko sarbidea guztiontzat eskatu du. Borondate politiko kontua dela nabarmendu du ELAk. Betetzen zailak diren lanpostuen LEPa errealitate bat da, EAEko Aurrekontuen Legean aurreikuspen hori sartu zelako. ELAk eskatu du arau-aurreikuspen hori kolektibo guztietara zabaltzeko.