Osakidetzak negoziatu gabe jarraitzen du

2017/11/08
Joan den asteartean izandako sektore-mahaiko bileran Osakidetzak bere orain arteko politikari eutsi dio, enplegu publikoa suntsitzeko, eta benetako errealitatea ezkutatzen duen kanpaina zabaltzeko. Eta horretarako, berriro izan du SATSEren, SMEren eta UGTren babesa.

Hala ere, Osakidetzako langileok egunero ikusten dugun egoera erabat bestelakoa da. Osakidetzak apustu egin du gure osasun-sistema desegitearen alde. Horren adibide garbia Bizkaiko osasun-zentro batean izan dugu, bilera egin zen zentro berean eta egun berean: laneratzen ez den pertsonala ordezten ez duenez, egun hartan eta osasun-zentro hartan ez zegoen fakultatiborik, ezta erizainik ere.

Sektore-mahaiaren bilera, berriz ere, gairik gabeko bilera izan zen, benetan negoziatzerik izan ez duena. Asteartean bertan Osakidetzak jakitera eman zuen albiste handia lekualdatze-lehiaketa sinatu zela izan zen; eta horrek, gure ustez, ez ditu beteko plantillaren beharrizanak. Hortaz, ELAk mahai gainean jarri zituen bere kezkak: ez da gardena, lehiaketan eskaini beharko ziren lanpostu guztiak ez dira eskaini, salbuespenak onartu dira (plaza batzuk arrazoirik gabe erreserbatzeko), ez da hedatu kategoria guztietara, eta abar eta abar.

Hori horrela izan arren, hiru sindikatuk (SME, SATSE eta UGT) sinatu zuten, eta larriagoa dena, zirriborro bat sinatu zuten. Sindikatu horiek berek esan zuten bileran agiri hura ez zela behin betikoa, eta zuzenketa asko egin beharko zirela. Orduan, zertarako sinatu orduan? Mahaiko sindikatu guztiek lekualdatze-lehiaketarekin bat ez zetozela esan ondoren, zertarako argitaratu behar zen berehala?

Osakidetzari ahaztu zaio ELAren lorpen handi bat jakitera ematea. Aurrerantzean aldi baterako kontratazioko zerrendetan amatasun-bajan dauden emakumeei Osakidetzak izendapenak eskainiko dizkie, legezko ondorio guztiekin.

Gogoratu beharrekoa da ez dela gutxi berreskuratu behar duguna, eta Osakidetzak mobilizazioen aurrean baino ez duela erantzuten. Urdulizko Ospitalea horren adibide garbia da. Dena dela, argi dago zein den Administrazioaren helburua: pribatizazioa. Beraz, mobilizazioa beharrezkoa izango da.

Mobilizazioen bidez baino ezin izango dugu Osakidetza behartu langileen baldintzak berreskuratzera, mantentzera edo hobetzera. Mobilizaziorik gabe ezin izango dugu Osakidetza behartu gure gizartearen osasun-beharrizanak arlo publikotik betetzera.

Horregatik ELAk langileekin eta gizartearekin duen ardurari eutsiko dio; eta beraz lan-baldintzak nahiz zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko tresnarik onena mobilizazioa dela aldarrikatzen du.