Osakidetzak Tolosako arreta espezializatuko anbulatorioa itxi nahi du

2010/11/26
ELA sindikatuak jakin duenez, 2011ko otsailetik aurrera Tolosako espezialitateetako anbulatorioak bere ateak itxiko dituela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hala erabakita; hortik aurrera, zerbitzua osasun pribatuko sarearen bitartez emango du.

Anbulatorioak, gaur egun, 50 langile inguru dauka eta oraindik ez dakite ezer beren lan etorkizunari buruz. Osasun zentro horretan zerbitzua ematen da honako espezialitateetan: otorrinolaringología, traumatologia, kardiología, neurologia edo psikiatria.

 

ELAk salatu nahi du erabaki honek pauso bat gehiago ematea suposatzen duela, botere publikoek osasun publikoa jarri duten pribatizazioaren bidean. Erabaki honek aurrera eginez gero, asistentziaren kalitateari eragingo dio zalantzarik gabe. Sektore pribatuak bere jardutearen oinarrian du mozkina lortzea, hori baita bere helburu nagusia; osasunaren esparrua ez da salbuespen bat. Honek zera suposatzen du: mozkinari lekua egin behar bazaio, bietako bat, edo diru gehiago inbertitzen da gainerako guztian gastua mantendu ahal izateko, edo, bestela, asistentziaren kalitatearekin ordaintzen da.

 

ELAk ez du onartuko eraso berri hori, osasun publikoaren, langile publikoen eta azken finean, gizartearen aurkakoa baita; izan ere, gizartea da ongizate gizarteak eskainitako zerbitzu publikoen onuradun nagusia. Horregatik guztiagatik, ELAk iragarri egiten du abian jarriko duela ukitutako biztanleei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bat eta pribatizazioa salatzeko hainbat ekitaldi antolatuko duela.