Osakidetzak uko egiten dio prekarietatea murrizteari

2016/10/24
Datorkion erreklamazio uholdearen aurrean, negoziatzen hasi ordez, Osakidetza langileen oinarrizko eskubideak oztopatzen saiatzen ari da. ELAk dei egiten dio Osakidetzari negoziazioa ireki dezan.

ELAk informazio kanpaina hasi du langileei Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken epaien ondorioz dagozkien eskubideen berri emateko, horien artean Osakidetza zuzenean jotzen duen eta iruzurrean egindako behin-behineko kontratuei muga jartzen dien epaia. Egoera konpontzeko negoziatzen hasi beharrean, Osakidetza langileen oinarrizko eskubideak ukatzen saiatu da.

Barrualde ESIan, informazio kanpainaren ondorioz, hainbat pertsonek bere esperientziaren ziurtagiria eta kontratuak eskatu dituzte. Zuzendaritzak kontratuen kopiak ez ematea erabaki du.

Erabaki hau Gernikako Ospitalean informazioa emateko asanblada egin ondoren hartu dute. Europako doktrina berriaren arabera Ospitale honetako kontratuen %90 iruzurrezkoak dira, eta asanbladan arauz kontrako egoera hau epaitegien aurrean salatzeko Ospitalean kanpaina bat egitea erabaki zuten. Barrualde ESIak, Gernikako Ospitalea aurkitzen den erakundeak, iruzurra erakusten duten dokumentuetarako sarbidea debekatuz erantzun du.

Osakidetzaren behin-behinekotasuna %40tik gorakoa da eta behin-behineko langileei eman beharreko kalteordainarekin urtero 40 milioi eurotako zorra pilatzen du. ELAk egoera honi irteera emateko negoziazio hasi dadila eskatzen du eta lan-prekarietatean oinarritutako enplegu eredu hau akabatu dezatela exijitzen du. Zuzendaritzaren erabakiak bere urduritasuna eta, era berean, egingo ditugun erreklamazioek bideragarritasun juridiko handia duela erakusten du.

Eraso berri honen aurrean ELAk bide juridiko berriak irekiko ditu. Batetik, langileen dokumentaziorako sarbidea oztopatu izana salatuko dugu Lan-Ikuskaritzan. Bestetik, salaketa penala egitea baloratzen ari gara, Zuzendaritzak jakin baitaki dokumentu horiek ematera derrigortua dagoela, baina, hala ere, eskubidea ukatu du.

Azkenik, langileei prozedura judizialak hasi ahal izateko dokumentuak eskatzen jarraitzeko eskatzen diegu, beste erakunde batzuetan erabaki bera hartu aurretik, kalteordainerako eta egonkortasunerako eskubide berriak egikaritu ditzaten ahal bezain pronto, baita epaitegien aurrean ere.