Osakidetzako azpikontratek elkarretaratzeak egingo dituzte urriaren 1ean, eta hilaren 3ko manifestazioarekin bat egingo dute, kalitatezko osasun publikoaren alde

2020/09/29
Osakidetzako garbiketa-azpikontratek, anbulantziek eta jantokiek eta kafetegiek kontzentrazioak egingo dituzte urriaren 1ean EAEko hiru lurraldeetan, osasun publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta modu seguruan eta lan-baldintza duinekin eskainia aldarrikatzeko. Halaber, Osakidetzako sindikatuek larunbatean, urriak 3, helburu berarekin deitutako manifestazioarekin bat egingo dutela iragarri dute. Urriaren 1eko kontzentrazioak 11:00etan egingo dira ospitale hauetan: BIZKAIAN, Gurutzeta Ospitalean. GIPUZKOAN, Donostia Ospitalean. ARABAN, Txagorritxu Ospitalean.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek nabarmendu dute lan-gainkarga, baliabide-falta, behin-behinekotasuna, kontratazioaren partzialtasuna eta segurtasun-neurrien falta osasun-sistemaren egiturazko arazo bat dela, eta are larriagoa dela zerbitzu jakin batzuk esku pribatuen esku jartzen direnean, hala nola garbiketa, anbulantziak eta Osakidetzako sukaldeak eta kafetegiak. Osasun-sistemaren zati bat negozio-objektu bihurtzeak esan nahi du horiek kudeatzen dituzten enpresak kezkatuago daudela beren etekinak optimizatzen enplegu eta zerbitzu segurua bermatzen baino. Izan ere, pandemiak iraun bitartean, segurtasun neurrien faltak arriskuan jarri du langileen, familien eta erabiltzaileen osasuna.

Sindikatu horien iritziz, pandemiak agerian utzi du pertsonen osasuna ezin dela negozioaren xede izan, ezta interes pribatuen menpe egon ere. Halaber, argi utzi du zeintzuk diren oinarrizko zerbitzuak ematen dituztenak, oso egoera gogorrean lehen lerroan egon direnak.

Hori dela eta, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek azpikontratatutako zerbitzuak sistema publikora itzultzea aldarrikatu dute, langile guztien enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatuko duen publifikazioa.