Osakidetzako garapen profesionaleko deialdiak plantillaren soldata murrizketa betikotzen du

2022/05/10
Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan onartutako Osakidetzako Lanbide Garapenerako Deialdiak Osakidetzak 2011tik aurrera langileei aplikatutako soldata murrizketa betikotzen suposatzen du.

Jaurlaritzak gaur Osakidetzak 2011tik aurrera langileei aplikatutako soldata murrizketa betikotzea onartu du, izan ere:

  • Osakidetzak ez du ordaindu beharko 2013ko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era bitartean bere langileekin metatutako zorra. Hau da, sei urte horietan langileei ordaindu ez dien soldatak itzuli gabe jarraituko du Jaurlaritzak (150 milioi eurotik gora). Osakidetzak soldatetan aurreztearen alde egin baitu, langileen kalterako.
  • Ez die ezer ordainduko epealdi horretan erretiroa, edo beste arrazoiak medio, Osakidetzako langile izateari utzi diotenei. Kontuan izan behar da Lanbide Garapenerako Deialdiak egin ez eta murrizketa aplikatu zitzaien 6.000 Osakidetzako langile ohi inguru daudela, eta Gobernu Kontseiluak onartutakoarekin, ez dute aukerarik izango azken urteetan Osakidetzak zor ziena jasotzeko. Izatez, ez dute ezer jasoko.

Hori hobeto ulertzeko, gogoratu dezagun indarrean den araudiaren arabera, Osakidetzak urtero egin behar dituela Garapen Profesionaleko deialdiak, eta horrek ordainsarietan du ondorioa. Osakidetzak, ordea, 2011an egin zuen azken deialdia, hala erabaki zuelako alde bakarrez; deialdi horretako tramitazioa eten eta soldatak ez ordaintzea erabaki zuen Osakidetzak. ELAk, ordea, auzitegietara jo eta arrazoia eman zieten epaileek: murrizketa horiek legez kanpokoak ziren. Horregatik, Osakidetzak 2012ko urtarrilaren 1a eta 2018ko abenduaren 31 bitartean zor zituen osagarriak ordaindu behar izan zizkien langileei; guztira 130 milioitik gora, langileko 6.000 eta 22.000 euro artean. Garapen Profesionalaren urteroko deialdiarekin, aldiz, epaiari muzin egin eta egin gabe jarraitu zuen.

Bestetik, Osakidetzaren erabaki horren aurrean, gutxiengo sindikal batek (LAB, UGT eta CCOO) uztailean akordioa sinatu zuen, zeinak zioen aparteko deialdi bat iazko abendua baino arinago egin behar zela. Bada, 5 hilabete geroago, deialdia egitea onartu berri da, baina oraindik ez dakigu noiz egingo den. Hori gutxi ez, eta, ez dakigu ezer 2022. urteko ohiko deialdiari buruz (gogora dezagun Osakidetzak urtero deialdiak egin behar dituela eta akordioak ez duela aurtengoa barneratzen). Murrizketak betikotzen jarraitzen dute, beraz.

ELAk behin eta berriro salatu du Mahai Sektorialean Osakidetzaren negoziatzeko prestutasun falta, baina adibide honek are argiago erakusten du ez duela ezta berak sinatzen dituen akordioak betetzeko asmorik ere. Argi dago gaurko Gobernu Kontseiluaren iragarpena propaganda ekitaldi hutsa dela, eta helburu bakarra maiatzaren 16rako deitutako greba desaktibatzea dela. Are gehiago gogoratzen badugu pasa den otsailaren 25eko Lehen Arretako grebaren bezperan, Sagardui Sailburuak agindu zuela osagarri hau bera ordainduko zuela. Ia hiru hilabete geroago, plantillak euro bakar bat kobratu gabe jarraitzen du.

ELAk ez du inolaz ere horrelako soldata murrizketarik babestuko. 2011n bezalaxe bide juridikotik jo du zorra oso-osorik erreklamatzeko. Gure herriko osasun sistema publikoa indartu eta garatzeko unea da, ez langileei eskubideak ostuz aurreztekoa.