Osakidetzako garbikuntza azpikontraten langileek bat egin dute greba deiarekin

2009/12/16
Osakidetzako egoitzen garbiketaz arduratzen diren azpikontratetako 1.800 langileek bat egin dute abenduaren 16rako deitutako greba egunarekin. Langileek aho-batez erantzun diote ELA, UGT, CCCO, LAB eta ESK sindikatuen deialdiari.

Salbuespen bezala, Zumarraga eta Mendaroko ospitaletan gertatu dena salatu dute. Bertan enpresek %90eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte; gehiegikeri honekin greba eskubidea bertan behera uzten saiatu dira.
Garbikuntzako azpikontratetako langileek Osakidetzak zuzenean kontratatzen dituen langileen soldata bera exijitzen dute. Lan bera egiteagatik, soldata bera, finean.

2007an garbikuntza alorreko langileen eta enpresen arteko akordioa sinatu zen, Osakidetzaren onespenarekin. Bertan jasotzen zenez, Osakidetzak honako konpromisoa hartzen zuen: Osakidetzako langileen baldintzen hobekuntza guztiak azpikontratetako langileei ere ezarriko zitzaizkien.
Osakidetzari eta enpresei akordioa ez betetzea leporatzen diete sindikatuek. Garbikuntza alorreko langileentzako lanbide karrera onartzeak 294,95 eta 104,60 euroko soldata igoerak suposatzen du, antzinatasunaren arabera. Ia bederatzi hilabete igaro diren arren, ez Osakidetzak ez enpresek ez dute bere garaian adostutako konpromisoa bete nahi, eta uko egiten diote sinatutakoa betetzeari.