Osakidetzako langileek masiboki bat egin dute greba-egunarekin

2022/02/28
Gaur, Osakidetzako langile guztiak SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako greba-egun bat bizitzen ari dira EAEko lantoki guztietan. Gaur greba deituta dago ere ospitaleetan eta bertan, jarraipena oso zabala izaten ari da, langile horien nekearen berri ematen duena.12etan martxa zaratatsuak egin dira hiru hiriburuetan, mobilizazio jendetsuak, langileek zein herritarrek babestuta, joan den larunbateko manifestazioetan eta joan den ostiraleko elkarretaratzeetan gertatu zen bezala.

Esan bezala, gaur, Lehen Arretaz gain, ospitaleetako langileak ere daude deituta. Azpimarratu behar dugu greba, arreta-maila horretan, izaten ari den jarraipen zabala; horrek, zalantzarik gabe, agerian uzten du langileak gogaituta daudela eta Osakidetzak martxan jarri behar dituen konponbideak premiazkoak direla. Eta hori, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan, zerbitzu osoak grebarako eskubiderik gabe utzi baitituzte. Greba %100ekoa izaten ari da Basurtuko Ospitalean Anatomia Patologikoan, zelarien “toperan” eta traumatolgiako kontsultetan; Gurutzetako Ospitalean Larrialdietan eta baita traumatologiako ebakuntza-gelan ere; Galdakaoko Ospitalean fisioterapeutetan, sukaldeko zerbitzuan edo TGEEZn; Zumarragako Ospitaleko barne-medikuntzan; ebakuntza-gelak itxi dira, hala nola, Txagorritxu Ospitalekoan eta Zumarragakoan. Arreta espezializatuko langileen prekarietatea eta lan-gainkarga sistematikoa grebaren jarraipenean islatzen ari da.
Grebaren jarraipena garrantzitsua izaten ari da Lehen Arretan ere, eta hori, zalantzarik gabe, plantillaren kolapsoaren eta nekearen isla da berriro ere, bai eta egiturazko eta berehalako konponbideen beharraren isla ere. Grebaren jarraipena, hainbat kategoriatan, %100ekoa da berriro ere. Zentro batzuk itxita daude deialdiaren jarraipen masiboaren ondorioz, hala nola Arangoiti, San Adrian eta Bolueta edo Gernika.

Eta hori guztia, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan, lehen esan dugun bezala: guztiz abusuzkoak dira eta milaka langile greba-eskubiderik gabe utzi dituzte. Hala egin du, halaber, ESI askok gehiegikeriaz aplikatu izanak; izan ere, ESI horiek urgente bihurtu dituzte edozein larunbatetan egiten ez diren ebakuntzak edo 2019az geroztik itxita dauden PACak berriro ireki dituzte. Kolektiboaren grebarako eskubidea neutralizatzeko, galarazteko eta erasotzeko saiakera berri baten aurrean gaude.
Horrez gain, salatu nahi dugu, beste behin ere, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak datuak manipulatzen dituela, eta, horretarako aukera izan duen jendearen artean zenbat jendek egin duen greba adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela grebarekin bat egin, gutxieneko zerbitzua delako. Benetako datuak ematea eskatzen diogu Osakidetzari.
Era berean, Osakidetzaren prepotentzia, inposizioa eta gardentasun falta salatu nahi ditugu, greba honetan berriro ikusi ditugunak: aurreko deialdietan, ESI bakoitzak bere jarraipen-datuak ematen zituen. Oraingo deialdietan, betoa jarri zaio informazio horri, eta Osakidetzak emandako datu osoa baino ez zaigu helarazi. Joan den ostiralean lehen arretako greban gertatutakoa ikusita, ohartarazi nahi dugu helburua herritarrei gezurra esatea dela, EAJren gobernuaren interes politikoekin bat datorren osasun publikoaren irudia eskaintzen jarraitzeko. Hala ere, gero eta jende gutxiago engainatzen dutela esan dezakegu.

Zalantzarik gabe, gaur amaituko da greba historikoen fase bat Osakidetzan eta SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mezu argi eta irmoa helarazi nahi diogu Osasun Sailari:

  • Ez dugu ez xantaiarik ez salaketa faltsurik onartuko. Langileentzako benetako hobekuntzak dakartzaten akordioak sistematikoki atzeratzen eta zailtzen dituen bat badago, hori Osakidetza da. Mahai Sektorial bat eskatzen dugu, Osakidetzaren egiturazko arazoei buruzko benetako negoziazioa eta edukiak izango dituena. Gure aldarrikapenak negoziatu nahi ditugu, hau da, langileenak. Ez dugu berriro parte hartuko Osasun Sailarentzat propagandarako tresna bihurtu den edukirik gabeko foro batean.

    Ez dugu onartuko Osakidetzaren desegitea, prekarizazioa eta pribatizazioa. Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen egungo egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin jarraituko dugu. Grebak bakarrik lortu du Garapen Profesionala bezalako gaiak desblokeatzen hastea.

    Osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan, guztiona. Eta ez dugu ahaztu behar, lan-baldintza duinik gabe, ez dagoela kalitatezko osasun-arretarik.