Osakidetzako laugarren greba eguna

2005/03/10

Osakidetzako langileek ELA, SATSE eta SMEk deitutako greba deialdiarekin bat egin dute eta mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela iragarri dute.

Maila profesional guztietako 4.500 langile grebara deituta zeuden gaur, Osakidetzari benetako negoziazioa eskatzeko, lan baldintzetan eta arretaren kalitatean benetako hobekuntza lortzeko.

Laugarren greba egun honetan Beraun, Oiartzun, Pasai S. Pedro, Irún Erdia, Irún Dunboa, Hondarribia, Orio, Aia, Ondarreta, Bidebieta, Gros, Alza, Hernani, Astigarraga, Urnieta, Zarautz eta Lasarteko osasun etxeak itxi dira besteak beste. Lehen arretan lanuztea %70ekoa izan da. Ospitalei dagokienez, Bidasoa Ospitalean langileek %80ek greban parte hartu dute. Horren ondorioz ebakuntza-gela eta kontsulta guztiak bertan behera geratu dira. Donostia Ospitalan jarraipena %65ekoa izan da eta zenbait ebakuntza-gela itxi behar izan dira. Kontsultetan ere aktibitatea zeharo murriztu da. Ospitalizazio solairuei dagokienez, bertan gutxieneko zerbitzuak egon dira eta x-izpiak, odol ateratzeak, operazioen aurreko probak eta elektroak bertan behera geratu dira. Sulkaldaritza, telefonia, mantenua, farmazia, artxibategiak, garbitokia eta beste hainbeste zerbitzuk ere greban parte hartu dute.

ELA, SATSE eta SMEren ustez, grebetan parte hartuz langileek eskatzen diotenaren aurrean Osakidetza itsu, gor eta mutu darrai. Era berean berdin zaio ere euskal gizarteari eragiten ari zaion kaltea. Greba batzordeak ez du inolako deirik jaso hitz eginez edo negoziatuz gatazkari irtenbidea bilatzeko. %80ak deitutako greba egutegiaren aurrean Osakidetzak eman duen erantzun bakarra otsailaren 23an gutxiengoan sinatutako akordioa izan da. Horren asmoa gatazka lurperatzea izan zen arren, borroka martxan jarraitzen du eta egunetik egunera gogorragoa da.

Osasungintzan 4 urte daramatzagu negoziazio kolektiborik gabe. Negoziazio Mahaian gehiengoa osatzen dugun sindikatuok elkarrekin jarraitzen dugu plataforma baten inguruan sektoreko benetako arazoei erantzun zehatzak eta hurbilak bilatzeko.

Martxoaren 15ean greba izango da Basurto, Santa Marina eta Zamudioko ospitaletan eta Bilbo Handiko eskualdeko osasun etxeetan. Martxoaren 17an greba Txagorritxu, Santiago, Las Nieves eta Leza ospitaletan izango da eta baita Arabako Eskualdeko Osasun Etxeetan.