Osakidetzako ospitaletako jantokietan mobilizazioak

2004/02/16

Osakidetzako ospitaletako jantokietako azpikontratetako langileen erreibindikazioek erantzunik jaso ez dutenez, ELA, LAB, CCOO eta UGTk mobilizazioak deitu dituzte zerbitzu honetan.

Talde honetan 200 langile inguruk egiten dute lan. Osakidetzak negoziazio mahaia iriki dezala eskatzen dute Osakidetza bertako langileekin soldatak berdintzeko, are gehiago berriki garbiketako kontraten lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena sinatu denean, soldatak berdintzea lortu baita azken honetan.

Osakidetzak ez duenez erantzunik eman gaur astelehena, otsailak 16 mobilizazioak hasi dira Basurtoko ospitalean. Otsailaren 18an 10etatik 11etara bilkura izango da San Eloy ospitalean Barakaldon eta biharamunean ordu berean Gasteizen Osakidetzako Zerbitzu zentralen aurrean. Azken honetan idatzi bat aurkeztuko dute sindikatuek negoziazio mahaiaren irikiera eskatzeko.

Osakidetzak jarrera berarekin jarraitzen badu mobilizazio gehiago izango da sektorean eta baliteke paroak ere hastea.