Osakidetzako sindikatuek greba eskubidearen urraketa larriak salatu dituzte
Agiri bateratua:
Osakidetzan 5 greba egunak deitu ditugun sindikatu guztiok (SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK) greba eskubidearen aurka greba-egun guztietan burututako urraketa guztiak salatu ditugu gaurkoan. Sindikatuok inposatutako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu, baina, hori gutxi balitz, Gutxieneko Zerbitzuen Dekretua bera urratu du Zuzendaritzak.
Burututako urraketa kopurua izugarria izan da, baina horien artean hurrengoak azpimarratu nahi ditugu:
-
Lehen Arretako hainbat eskualdetan asteburutan zerbitzurik ematen ez duten zentruetan gutxieneko zerbitzuak izendatu dituzte.
-
Ia ospitale guztietan “atzeraezin” moduan kalifikatuak izan diren ebakuntzak ezarri dituzte, kirofano horietan gutxieneko zerbitzuak izendatzeko. Ospitale batzuetan greba egunetan egun arruntetan baino ebakuntza gehiago burutu dituzte.
-
Bi ospitaletan behintzat garbikuntzako langileak greban egon arren ebakuntzak burutu dituzte. Gernikako kasuan, kirofanoa garbitu gabe ebakuntzak burutu ziren. Arrasateko Ospitaleko kasuan, greban zeuden langileak legez-kanpo ordezkatuak izan ziren enpresa pribatuetako langileekin.
-
Hainbat lantokitan greban zeuden langileak ordezkatzeko kontratazio berriak burutu dituzte.
Greba eskubidearen aurkako urraketa hauek eta askatasun sindikalerako eskubidearen aurkako beste hainbat urraketa Osakidetzako Zuzendaritzak grebaren eragina mugatzeko erabilitako armak izan dira. Hala ere, Zuzendaritzaren erabakien aurkako langileen haserrea oso argia izan da.
Lan Ikuskaritzaren aurkako salaketa hau oso garrantzitsua da sindikatuontzat, mobilizazioekin aurrera egiteko asmoa du eta, ondorioz, Lan Ikuskaritzak Osakidetza zigortzea nahi dugu hurrengo mobilizazioetan gure eskubideak askatasun osoz garatu ahal izateko.
Azkenik, sindikatuok mobilizazioekin aurrera jarraitzeko gure asmoa berresten dugu. Osasun zerbitzua hobetzeko eta galdutako 3.000 lanpostuak berreskuratzeko borrokan jarraituko dugu. Galdutako enplegua berreskuratzea exijitzen jarraitzen dugu, lan-karga onargarriak nahi ditugu, soldata eskala bikoitzak desagertarazi behar dira eta zerbitzuaren kalitatea hobetu behar da, hori dena lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu.