Osasungintzako Mahai Sektoriala

Murrizketa gehiago Osakidetzako Lehen Arretan eguberrietan

2023/11/23
Gaurko Osasun Mahai Sektorialeko bileran Osakidetzak adierazi du murrizketak iaz baino osasun zentro gehiagotan eta denbora gehiagoz ezarriko dituela Gabonetan: bai itxierak, bai ordutegi murrizketak. Aurten, gainera, murrizketak areagotu egin dira, eta epe luzeagoa hartuko dute (abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra), eta osasun zentro eta EAG gehiagori eragiten diete. Horrez gain, ez da bermatzen EAGak talde osoarekin irekita egongo direnik, eta, beraz, berriz ere zentroak zabalik izango dira mendikurik gabe.

Sagardui Sailburuak egunotan goraipatu du lankidetza publiko-pribatua, eta argi esan du ez dagoela murrizketarik: Gabonetan aplikatu beharreko neurri horiek berrantolaketaren ondorio direla, beharrezkoa baita langileen atsedena bermatzea. Errealitate bakarra da hitz horiek zerbitzuen pribatizazioa (adibidez, pazienteak osasun pribatura bideratzea itxaron zerrendak jaisteko) eta murrizketak (osasun-zentroen ordutegiak ixtea eta murriztea) ezkutatzen dituztela. Sailburuak plantilla eta bere eskubideak erabiltzen ditu Lehen Arretaren egoerari aurre egiteko erabakiak ez hartzetik datozen neurriak justifikatzeko.

ELAk hainbat hamarkada daramatza medikuen belaunaldi erreleboa saihestekoko plangintzarik ez dagoela salatzen, eta berehalako neurriak behar direla azpimarratzen. Osakidetzak, Lehen Arreta erakargarria egiteko eta plantillaren lan baldintza eskasak hobetzeko neurriak hartu beharrean, indarrean dauden neurriak hartzen jarraitzen du, ordea: ordutegiak murriztu eta zentroak itxi, gero eta handiagoak diren murrizketak; eta fakultatiboentzako aparteko orduak egitea eta ordaintzea planteatzea, baita orain erizaintzarako ere. Osasun Sailak proposamen bat aurkeztu du gaurko egunean.

Gogoratu behar da autokontzertazioa (aparteko orduen ordainketa) duela hamarkada batzuk abian jarritako adabakia izan zela, profesionalen eskasiari aurre egiteko, belaunaldi erreleboa landu eta planifikatu beharrean. Neurri horrek arazoa areagotu egin du, eta orain neurri bera aplikatzen zaie erizaintzako langileei, sakoneko arazoa konpontzeko plangintzarik egin gabe. Osakidetzak propaganda mezuak plazaratu ditu, hala nola Lehen Arretan 554 plaza sortuko dituela. Ez du esan, ordea, urte luzeetan iruzurrezko aldi baterako kontratuen bidez zerbitzuak ematen aritu ziren langileen egoera erregularizatu duenik. Azken finean, lanpostu horiek formalki sortu ondoren, Osakidetzan ez dago plantilla gehiago lanean.

ELAk ere galdetu dio Osakidetzari biltegiak pribatizatzeko proiektuari buruz; izan ere, gaur egun, proiektua aurreratuta egon arren, Mahai Sektorialean ez da informaziorik eman. Giza Baliabideen Zuzendaritzaren erantzuna izan da proiektua ez duela ezagutzen.

Gogoratu behar da azaroaren 30ean greba deialdia egin dela, zaintza sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Sistema horren ardatzetako bat osasungintza publikoa da. Gaurko bileran greba hori egiteko arrazoiak soberan daudela ikusi da. Baita sektore publiko osoaren abenduaren 19ko deitutako grebarekin eren. ELAk bi deialdiekin bat egiteko deia egiten die Osakidetzako langile guztiei.