Osakidetzarekin izandako bileraren balantze ezkorra

2008/02/12
ELAk balorazio ezkorra egiten du otsailaren 11n Osakidetzako zuzendaritzarekin izandako bileraren inguruan. Osakidetzak aurkeztutako proposamenak ez du eskaintzen gaur egun osasun publikoak dituen arazoei aurre egiteko aukerarik.

Osakidetzako arduradunen proposameank erantzun partzialak jasotzen ditu eta ez die osotasunean erantzuten arlo eta kategoria guztietako langileek azkenaldian azaleratu dituzten arazoei. Medikuen Sindikatuarekin sinatutako akordioaren ondotik sortutako kolektiboen arteko ezberdintasunak handitzen ditu.

Dekretuaren inposaketaren ondoren ELAk adierazi zuen Osakidetza araurik gabeko negoziaketa erabiltzen ari zela pribatizazioan sakontzeko; azken bileran entzundakoaren ondoren argi geratu da Osakidetzako zuzendaritzak ez duela egoera zuzentzeko inolako asmorik.

Alde horretatik, proposamenak Osakidetzarako kaltegarriak diren erabakiak ez ditu zuzentzen. Hala nola esklusibitate gehigarria osasun publikoan eta pribatuan batera aritzen diren guztiei zabaltzen da eta autokontzertazio hedatzen da inolako kontrolik gabe. Bestalde, ez zaie langileen beharrei erantzuten, lan kargak, soldata-taulen beharrezko oreka edo erretiroa. Elementu hauek dira, besteak beste, arazo honetan zortzi sindikatuen aldetik ikusi den batasun sindikalaren arrazoiak, orain arte ezezaguna zen batasun sindikala.

ELAk negoziatzeko duen borondatea berretsi nahi du, eta Administrazioak bere jarrera aldatzea nahi du, arazoa behin-betiko bere osotasunean konpondu dadin.