Osakidetzaren aurkako epaia, greba eskubidea urratzeagatik

2013/01/11
ELA sindikatuak jarritako demandari erantzunez, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 2. Epaitegiak Osakidetzaren aurkako epaia eman du, eta legez kontrakotzat jo ditu Arabako Unibertsitate Ospitalean ezarritako gutxieneko zerbitzuak 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean.

 

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Gutxieneko Zerbitzuen Aginduaren arabera, martxoaren 29ko greba orokorrean ospitaleetan eskaini beharreko gutxieneko zerbitzuak jaiegunetan lan egin ohi duten langileen kopuru berdinarekin osatu behar ziren.

Dena dela, Farmazia Zerbitzuan jaiegunetan laneko txandarik ez badago ere, Osakidetzak bere Gutxieneko Zerbitzuen Aginduan kopuru bat ezarri zuen; eta horrela, greba egitea eragotzi zien Arabako Unibertsitate Ospitaleko bi zelatariri.

Orain, epaitegiak ere uste izan du Osakidetzak grebaren funtsezko eskubidea urratu zuela. Epai horren bidez agerian geratu den bezala, Osakidetzak beste horrenbeste egin zuen hainbat zerbitzutan, ELAk eta beste sindikatu eta gizarte-erakunde batzuek deitutako greba orokorrari jarraitzeko eskubidea erabiltzea ukatuz eta eragotziz.

ELAk ontzat hartu du epaitegiaren ebazpena; zeren, ur iragana bada ere, horrelako epaiak balio handikoak izaten dira, mugarri jakinak jarrita geratu baitira, eta antzeko egoeretan aurrekari moduan hartuko dira kontuan.