Osakidetzaren azken eskaintzak ez ditu gauzak baretuko

2008/02/27
ELAko ordezkariek bilera egin dute otsailaren 27an Bilbon, oraingo egoera aztertzeko. Bilera horretan, ELAko ordezkariek gutxiegitzat jo dute Osakidetzaren azken eskaintza, eta gainera, gogor kritikatu dute Osakidetzaren negoziazio-modua.

Osakidetzaren Zuzendaritzak formalki dioenez, alderdi biko bileretan aurrera egiten da; baina ELA ez dator bat iritzi horrekin. Alderdi biko bilera horiek Osakidetzak antolatzen ditu nahierara, zenbat-nahi eta nornahirekin, eta langileengan nahasmendua eta sindikatuetan mesfidantza sortzeko erabili dira; zeren bileretara doazen sindikatuetako bakoitzari argibide desberdinak ematen dizkiote.

 

Adibidez, ELAk alderdi biko bilera horietako batean egon zen astelehenean, eta Administrazioak atzo bidali zuen eskaintzan aldaketa ugari ikusi ditugu, guri astelehenean kontatu ez zizkigutenak; gainera, bilera hartan ez ziguten eskaintzaren kopia idatzirik eman.

ELAren iritziz, “Administrazioak, horrela, bere negoziatzeko ahulezia erakutsi digu, ezin baitu eskaintza sendo bat eraman Mahaira, han denon artean eztabaidatzeko; alderantziz, sindikatuei banan-banan azpiak jaten saiatu da”. “Egoera konpontzeari ez diote begiratzen ez Osakidetzako Zuzendaritzak, ezta Jaurlaritzak ere”; haiek berek aitortu dutenez, “hau adabaki bat baino ez da, eta ez du ezer konponduko”.

 

Horregatik esan dute ELAko ordezkariek Osakidetzaren eskaintza ez dela gauza izango gatazka baretzeko.  “Langileek, mobilizazioak eta greba egiteko, izan dituzten arrazoiak hortxe daude oraindik ere”. Era berean, adierazi dute “Medikuen Sindikatuarekin sinaturiko akordioa, eta 2007ko abenduan Dekretu bidez ezarri dutena, orain arte sekula ikusi ez den hau bezalako mobilizazio bateratuaren arrazoia izan da, zeren eta osasuna pribatizatzeko akordioa izan zen, akordio diskriminatzailea; orain ontzat eman nahi dutena, lanbide-taldeak bananduz”.

 

“Oraingo eskaintzak beste akordio bat badakar ere, ez da nahikoa izango gatazka geldiarazteko; zeren, pribatizatzeko saiakerez gain, kidegoen arteko desorekak eta diskriminazioak mantentzen dira; plantilla-hazkundeak ez dira nahikoak izango beti goraka doazen lan-kargak eramateko; lanbide-garapena fiskalizatzeko tresna da, langileak esanekoak eta akritikoak izan daitezen; eta pribatizazioak eta autokontzertazioa kontrolatzeko egiten diren aipamenak iraganean sinatu ziren konpromisoak dira, Osakidetzako Zuzendaritzak Sektore Mahaian hartu zituenak, baina inoiz bete ez direnak”.

 

Horregatik, eta azken proposamena dela-eta, ELAko ordezkariek mobilizazioak egitea erabaki dute, ez baitago beste biderik Osakidetzak eskaintza egoki bat egitera behartzeko. Guk gogoan dugun eskaintzan batu eta ziurtatu behar dira, batetik, euskal osasun publikoaren jardun ona eta, bestetik, kidego guztietako langileen geroa.

Sr Inclán, usted privatiza