Osakidetzaren EPEak ez ditu anbulantzietako teknikariak aintzat hartzen

Osakidetzak aurten egin nahi dituen oposizioen bigarren faserako izen-ematea ireki zuen maiatzaren 3an. Bertan larrialdietako ibilgailuetako langileak gidari lanpostuan agertzen da berriro. ELAk urteak daramatza sektoreko errealitatea indarrean dagoen legedira egokitu dadila eskatzen, eta osasun larrialdietako teknikarien lanpostua sortzea funtsezkoa da horretarako.
Osakidetzako anbulantzia medikalizatuetan lan egiten duten langileek legez araututa dute lanbidea 2007tik, eta ez dira gidari huts. Langile horiek hainbat eginkizun dituzte, hala nola osasun laguntza ematea, mobilizatzeko eta immobilizatzeko teknikak aplikatzea, laguntza psikologikoa ematea edo osasun larrialdiak kudeatzea.
Gogoratu behar da kolektibo hori dela larrialdiko egoera bati aurre egiten lehena, eskatzen zaion tokian, hala nola bizilekuetan, bide publikoan edo enpresetan, besteak beste. Lehenak dira iristen eta lehen osasun laguntza ematen. Langile horiek osasun sistemaren kate osoko lehen kate maila dira, eta, horregatik, ezinbestekoa da zer diren eta herritarrentzat zer eginkizun duten onartzeko.
Beraz, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio beharrezko neurriak har ditzala kolektibo horren errealitatea onartzeko, osasun langiletzat har dezan eta dagokion lanpostu funtzionala eman diezaion, betetzen dituen lan eskumenak kontuan hartuta.
Agerian geratu da, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak garraio sanitarioaren sektorearekin duen ikuspegia. Alde batetik, ia osorik pribatizatzen du, eta, beste alde batetik, zuzenean kudeatzen duen ehuneko txikiari tratu ezin kaskarragoa ematen dizkio, anbulantzietako osasun larrialdietako teknikariak ez onartuz koronabirusaren aurrean lehen lerroan egon direla eta daudela, eta kolektibo hori hain beharrezkoa dela Osakidetzako larrialdi sistemaren barruan.