Osakidetzaren presioen gainetik bosgarren greba egunean jarraipen handia izan da

2005/03/15

Osakidetzan ELA, SATSE eta SMEk deitu duten 5. greba egunean, Basurto, Santa Marina eta Zamudioko ospitaletako langileen %70ek eta Bilboko Eskualdeko Osasun Etxeetako %75ek parte hartu du. Greba egun honen balorazio oso positiboa egin dute sindikatuek.

Basurtoko ospitalean hurrengo alorrak itxita egon dira: traumatologia eta bihotz-hodietako kirurgia kontsultak, traumatología, neurokirurgia, ginekologia eta oftalmologia ebakuntza gelak, odol ateratzeak, egonaldi laburreko unitateak, ospitalizaziorik gabeko kirurgia unitateak, elektrofisiologia, hemodinamika, endoskopiak eta gaixoaren arretarako unitatea. Grebak hurrengo zerbitzuetan ondorioak izan ditu ere: enpresa medikuntza zerbitzuak, fisioterapia, anatomia patologikoa eta erresonantzia magnetikoa. Ospitaleratze, larrialdi eta erradioterapia solairuetan zerbitzu minimoak izan dira. Zamudio eta Santa Marina ospitaletan ere zerbitzu minimoekin lan egin da.

Lehen arretari dagokionez Albia, Alonsotegi, Arangoiti, Bolueta-Sagarminaga, Alde Zaharra, Deustua, Gazteleku, Doctor Areilza, Errekalde, San Adrián, San Ignacio, Santutxu-Solokoetxe, Zorrotza eta Zurbarango osasun etxeak itxita egon dira. Gainontzeko osasun etxeetan aktibitatea asko urritu da, besteak beste Begoña, Bombero Etxaniz eta La Peñako osasun etxeetan. Irakaskuntza-unitatea itxita egon da.

ELA, SATSE eta SMEk grebaren jarraipen handia nabarmendu nahi dute eta Osakidetzari errealitate honen aurrean begiak ireki ditzan eskatu diote. Ezinezkoa da langileen gehiengoaren nahiaren aurka akordio bat inposatzea. Era berean Osakidetzaren jarrera salatzen dute, bidegabeko zerbitzu minimoen bitartez etengabe greba eskubidea urratzen ari delako. Behin-behineko egoeran dauden kolektiboengan Osakidetza jarrera hau izaten ari dela salatzen dute sindikatuek, langile hauek greban parte har ez dezaten.

Martxoaren 17an, osteguna, 6. greba eguna izango da, kasu honetan Araban. Greba egun hau greba orokorra aurretik egingo den azkena da.