Osalanek 980.560 euro banatu ditu Confebask, CCOO eta UGTren artean

2010/09/20
2010eko uztailaren 29an Osalango Kontseilu Nagusiak ohiz kanpoko bilera egin zuen erabaki bat hartzeko: Fundación Laboral de Prevención de Riesgos Laborales (FLPRL) erakundetik etorritako 980.560,41 euro Confebask, CCOO eta UGTren artean banatzea.

Diru publiko hau EAEko langileen kotizazio sozialetatik dator. Laneko istripu eta gaixotasun profesionaletako mutualitateek bildutako kuoten soberakinak dira. ELAk eta LABek betidanik aldarrikatu izan dugu diru horiek EAEren esku egon behar zutela, aurrez FLPRLko leihatilatik pasa behar izan gabe. Hain justu, aurreko legealdietan Eusko Jaurlaritzak euskal gehiengo sindikalaren iritzi eta jarrera berdina izan zuen.

Halere, gobernu honek (Confebask, CCOO eta UGTren babesarekin) orain arte Jaurlaritzak erabili zuen irizpidea aldatu egin du, inolako azalpenik gabe, eta baliabide horiek onartzea erabaki du, Madrilgo arauen baitan. Arrazoi honegatik, besteak beste, erabaki genuen ELAk eta LABek Osalango Kontseilu Nagusian gure partaidetza etetea, joan den uztailaren 5etik aurrera; izan ere, Osalan estatu-eredura makurtu dela uste baitugu, horrela finantza-iturri bilakatu delarik.

Confebask, CCOO eta UGTren artean banatutako 980.560,41 euro horiek prebentzioko “zeharkako lurralde-ekintzak” egiteko omen dira. Benetan, ordea, deus balio ez duten gauzak egingo dituzte. Estatuko beste autonomia erkidegoetan egin izan dituzten kanpainak errepikatuko dituzte, hauek erabateko porrota izanagatik ere. Zinez, hau akordioa bozkatu duten erakundeentzako itzuli beharrik gabeko diru-laguntza besterik ez da, Eusko Jaurlaritzari babesa eman diezaioten lan-osasuneko politika ezdeusak gauzatzen. Hitzartutakoak ez dauka ez hanka ez bururik: akordioak hitzez-hitz dio “erakunde mota bakoitzari dagokion kopuru ekonomikoa guztiz erabiliko ez balu, sobera den zenbatekoa beste alderdira bideratuko da”.

Diru hau nola banatu den ikusirik, argi geratzen da Osalan finantzatzeko tresna bihurtu dela “elkarrizketa sozialeko mahaia” osatzen dutenen artean. Horren truke, Jaurlaritzak patronalaren eta sindikatu hauen babesa ziurtatuta dauka lan-osasuneko bere politika birtualetarako.

Irailaren 29rako greba orokor bat deituagatik, CCOOek eta UGTk elkarrizketa sozialari eustea erabaki dute, esparru guztietan, hau oso errentagarria baita eurentzat. Jaurlaritzaren eta Madrilgo Gobernuaren bidelagun dira eskubide laboral eta sozialak murrizten dituzten politika neoliberaletan.

ELAk eta LABek exigitzen dugu diru publikoa lan-osasuneko politiko publikoak goitik behera  aldatzeko erabil dadila; baliabide gehiago behar dira enpresetan segurtasuna aintzat hartzen ez den kasuak ikertzeko, ikuskatzeko eta zigortzeko. Ezin onartuzkoa da diru publikoz patronala eta sindikatu horiek finantzatzea, arriskuen prebentzioan gabezia handiak baitaude; are okerragoa da, gainera, kontutan izanik Osalanen 2010eko aurrekontua %43 murriztuko dutela aurreko urtearekiko.