Osasun Departamentuak euskararen hizkuntza diskriminazioa luzatuko du lekualdatze lehiaketetan
Artikuluak ezartzen duenez, lekualdatze-lehiaketetan deialdiaren xede den lanpostuan dagokion administrazioan duten antzinatasuna baloratuko da, bai eta frantsesa, ingelesa edo alemana Europar Batasuneko lan-hizkuntza gisa duten ezagutza ere, lanpostuaren edukiarekin zerikusia dutenean. Horretaz gain, euskararen ezagutza eremu euskaldunean eta eremu mistoan bakarrik baloratuko da. Hau da, eremu ez-euskaldunean frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea baloratuko da, baina euskara ez da baloratuko.
Gauzak horrela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak enplegu publikoko merezimenduei buruzko Foru Dekretua partzialki baliogabetu zuen, euskararen balorazioari muga jartzeagatik, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren balorazioari inolako mugarik ezartzen ez zitzaion bitartean.
ELAk deitoratu du euskararen lurraldean, Nafarroan, euskarari hainbeste oztopo jartzea eta frantsesa, ingelesa edo alemana bezalako hizkuntzak gehiago baloratzea, euskara kontuan hartzen ez den bitartean.
Horregatik, ELAk eskatzen die talde parlamentariei eta Osasun Departamentuari euskararen alde egin dezatela, herritar bakoitzaren Posta Kodearen mende egon ez dadin arreta euskaraz jasotzeko aukera.