Osasun-eskubideak berriro murriztu dizkigute

2010/12/03
Aurrerantzean gertakari arruntengatik hartzen den baja edo aldi baterako ezintasunetan (gaixotasun arrunt eta laneko ez diren istripuek eragindakoak), lehen egunetik 365.era arte Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko sendagileek osasun-sailetako ikuskari medikuen ahalmen berberak izango dituzte.

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko (GSIN edo INSS) eta Itsasoko Gizarte Institutuko (IGI edo ISM) zuzendaritza probintzial batzuk aldi baterako ezintasuneko (AE) prestazioa kudeatzerakoan eskumen batzuk hartu dituzte azaroaren 26an. Erabaki hau indarrean sartzeko oinarria Gizarte-Segurantzako Estatu-idazkaritzaren azaroaren 15eko ebazpena izan zen, BOEan azaroaren 22an argitaratua. Ebazpen horrek garatzen du lan-merkatua erreformatzeko presako neurrien legeak (irailaren 17ko 35/2010 Legea) jasotzen zituen erabaki larrietako bat.

Erabaki honek langile-klasearengan eta herritar guztiengan ondorio larri eta garrantzitsuak izango ditu; haatik, zenbaiten interesen ondorioz ia ezustean sartu da indarrean, xedapen gehigarri bat erabiliz.

Aurrerantzean gertakari arruntengatik hartzen den baja edo aldi baterako ezintasunetan (gaixotasun arrunt eta laneko ez diren istripuek eragindakoak), lehen egunetik 365.era arte (urtea betez gero GSINek dauka erabakitzeko ahalmen osoa) GSIN eta IGIko sendagileek osasun-sailetako ikuskari medikuen ahalmen berberak izango dituzte.

Baina hori ez da guztia: GSINek bereganatu egiten du gaitz berak edo antzeko batek eraginda berriro gaixotzean baja emateko eskubidea; hots, GSINek senda-agiria eman eta ondorengo 180 egunetan soilik GSIN berak eman dezake gaitz berak edo antzekoak eragindako baja; beraz, osasun-sistema publikoko sendagilearengana ezin da jo; hau GSINen ardura da.

Beraz, alta eman edo baja ukatzen denean bide judizialera jotzea beste irtenbiderik ez da geratuko.

Horrek esan nahi du gure sendagileak (lehen arreta edo familiakoak) baja ematen badigu, osatzeko beharrezkoa dela uste duelako, GSINeko sendagile batek –irizpide ekonomikoei medikuei baino garrantzi handiagoa ematen dienak- alta ematea erabaki ahal izango duela, eta hau biharamonetik aurrera gauzatuko da, eragin guztietarako; Iruñeko edo Gasteizko gobernuen osasun sailetako ikuskariek ezin dute honi buruz ezer egin.

Orain arte, osasun-zerbitzu publikoko sendagile batek emandako bajari buruz erabakitzeko ahalmen osoa zuen GSINek, baina baja urtebetetik gora luzatzen zenean bakarrik.

ONDORIOAK

·         OSASUN-ESKUBIDE MURRIZTUAK

Honela berriro murriztu dizkigute langile-klasearen eta herritar guztien eskubideak.

Espainiako Gobernuak oraingoan ere argi utzi du AEei buruzko ahalmen gero eta gehiago bereganatu nahi dituela, Osasun-Zerbitzu Publikoen bizkarretik, prestazioaren kontrol ekonomiko hutsa bultzatuz eta ahaztuaz AE osasun zerbitzuaren beharrezko atala dela, sendagile eta botikekin batera.

Langile bati baja ematen zaio bere lanpostuan egiten dituen jarduera eta funtzioak kaltegarriak direlako pairatzen duen gaitz edo ondoeza medio; lan hori sendatzeko oztopo izan daiteke, edo gaixotasuna areagotu dezake. Baja ez da beti beharrezkoa, ez aukera bakarra, eta agian ez dago kasu batzutan justifikatuta, baina dena dela ere, baja ematen duen profesionalak, pertsona jakin baten osasun egoera eta bere bilakaera ezagutzen duenak, izan beharko luke horri buruz erabakitzeko ahalmena.

·         GASTU PUBLIKOA ETA GIZARTE-BABES SISTEMA, GAINBEHERA

Hau da Zapateroren Gobernuak gastu publikoa mugatzeko hasitako politiken beste ondorioetako bat. Espainiako Gobernuak diru publikoa oparitzen die –edo, euren hitz sarkastikoetan, ‘injektatu’ egiten diete- banketxeei; patronalari zergak barkatzen dizkio, eta gero esaten du defizit publikoa handiegia dela, zorra pilatzen ari dela, eta gastu publikoa gutxitzea beste irtenbiderik ez dagoela, hots, bide bakarra geratzen zaiola: zerbitzu publikoak eta gizarte-prestazioak murriztea, pentsioa lortzeko baldintzak zorroztea, eta oraingoan, bajak murriztea, prestazioak aurrezteko. 

·         ERASOA EUSKAL OSASUN-SISTEMARI  

Lege-erreforma hau osasun-sistemari egindako eraso bat ere bada. Baja pertsona sendatzeko beharrezkoa da, prestazio farmazeutikoarekin eta ebakuntzekin batera, baina osasun-sistema publikoko sendagileek ezin izango dute gaixoari buruz erabakirik hartu, dena GSIN edo IGIko ‘sendagile’ baten irizpide ekonomikoaren mende egongo baita.

Bestalde, Osasun-sailetako ikuskaritza medikuaren egitekoa ere zalantzan geratzen da. Orain arte, desadostasuna bazegoen edota GSIN nahiz IGIak alta proposatzen bazuen, osasun-sailetako Ikuskaritza medikuak hartzen zuen azken erabakia, osasun-zerbitzuetako pertsonal medikuak (espezialistak, lehen arretakoak) emandako irizpidearen arabera, eta osasunaren ikuspuntu hutsetik begiratuta.

Sistema kapitalistak badaki gezur bat egia bihurtzeko erarik egokiena behin eta berriz errepikatzea dela; horixe egin dute kasu honetan: bajetan gertatzen den ustezko ‘iruzurra’ etengabe aipatu, gizarteak erabaki atzerakoi bat onar dezan. Oraindik inork ez du benetako txostenik aurkeztu lan-bajetan omen dagoen iruzurraz. Gertakari arrunten ondoriozko baja gehiago izateak, laneko istripuetan eta gaixotasun profesionalen aldean, badu arrazoi bat: mutualitateen lana, gaitzen jatorri laborala sistemaz ukatu edo bajak goizegi ematen baitituzte. 

Aitzitik, bada kontrako daturik: Zenbait ikerlanen arabera, gertakari arrunten ondoriozko bajen %16 inguruk jatorri laborala dute. Benetako asmoa baja kopurua eta bere iraupena gutxitzea bada, horri heldu behar zaio.

Honi guztiari osasun publikoaren egungo egoera gehitu behar zaio: Zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du, eta hori islatzen dute itxaron-zerrendek.

Mezu bat saldu nahi dute: langileok garela egoeraren errudun, gehiegizko gastua eragiten dugula eta gizarte-segurantzari iruzur egiten diogula. Baina hori ez da egia: sarri lan- eta segurtasun-baldintza txarrek eragiten dituzte istripu eta gaitzak. Gainera, mutualitateek bajen jatorria lana bera dela ez aitortzeak sistema publiko deskapitalizatu eta geldora jotzea ekartzen du. Erreforma honek beste behin agerian utzi du helmuga zein den, osasun-sistema publikoa deskapitalizatzea, eragingarria ez delako (irizpide ekonomizisten arabera) eta edukiz hustuta uzteko.

·         ESKUMEN BORTXATUAK

Aldaketa honekin areagotu egiten da zentzugabekeria bat: GSINek, hots, osasun-jarduera zuzenik gabeko estatu mailako administrazio batek (eskumen hau autonomi-erkidegoei dagokie) gaixo batek sendatzeko aukera duen edo ez erabaki dezakeela, baita osasun-zerbitzuaren irizpide medikuaren iritziaren kontra ere.

Horrek eskumenak bortxatu egiten ditu nabarmen, osasun-bajei buruz ari baikara (estatutuak onartu zirenetik eskualdatutako ahalmena). ELAk eta LABek argi ikusten dugu egungo eskumen-esparrua gainditu egin behar dela, eta honekiko atzera egitea dakar ebazpenak.

Horrenbestez, euren legeriaren arabera maila apalagoa duen lege baten bitartez eskualdatuta dauden ahalmenak bortxatzen dituzte, eta agerian uzten dute benetako helburua: Erritmo eta pausoa Madrilen esku egotea, eta Espainia gehiago ezartzea.

Bitartean, Gasteizko eta Iruñeko gobernuak isil-isilik daude, konplizitatez. Zentralizazioa ezartzen digute, eskumenak bortxatu, Osakidetzako eta Osasunbideko profesionalen lana eta etorkizuna zalantzan jartzen dute, baina txintik ez da esaten. Madrilgo ereduari jarraitzen diote: zentralizazioa, estatuko nazionalitateetako administrazioak edukiz hustea. 

ELAREN ETA LABEN APUSTUA

ELAk eta LABek ebazpen hori arbuiatu egiten dugu, izan ere: 

§         Osasun-sistema publikoa deskapitalizatu egiten du, bertan diharduten sendagileen profesionaltasuna zalantzan jarriz eta lan egiteko aukera mugatuz.

§         Transferitutako eskumenak bortxatzen ditu, eta ezerezean uzten ditu Iruñeko eta Gasteizko gobernuen osasun-sistemetako ikuskaritza medikuak. 

§         Langile-klaseak osasunerako duen eskubidean atzerakada dakar, irizpide ekonomikoetara makurtzen baitu.  

Erabaki hau dela eta, gure erantzuna judiziala izango da, batetik, eta sindikala, bestetik: mobilizatzeko eta borrokatzeko prest gaude. Beste eredu bat dugu helburu, non osasuna berezko eskubide izango den, osasun-irizpideak ekonomikoen gainetik egongo diren eta geure esku tresnak izango ditugun, bertoko osasun-beharrizanak zein gizarte-segurantzako prestazio ekonomikoak ordenatu eta kudeatzeko; horregatik bultza nahi dugu Lan-Harremanen eta Gizarte-Babesaren Euskal Esparrua.