ARABAKO OSASUN MENTALA

Zentroetan ez dituzte artatzen lehen mailako arretatik deribatuta arreta psikiatrikoa jasotzeko iristen diren pazienteak

2023/10/19
ELAk salatu du Arabako Osasun Mentaleko Sarea gainezka dagoenez, zuzendaritzak erabaki duela osasun mentaleko zentroetan ez artatzea arreta psikiatrikoa jasotzeko iristen diren pertsonak. Paziente horiek lehen mailako arretatik bideratu dira, baina behin zentroa heltzean jakinarazten zaie ez dituztela artatuko. Osakidetzak dio erabaki hori hartu duela sistema are gehiago ez saturatzeko, baina sindikatuak dio sistema aspaldi dagoela gainezka. ELAk azaldu duenez, gaur egun, Osasun Mentalera bideratu dituzten pertsonak antsietate handiz hurbiltzen dira zentroetara kontsulta eskatzera. Administrazioak, ordea, ez die erabiltzaileei jakinarazten ez dituztela artatuko, beraz, behin zentrora helduta bertako langileek jakinarazi behar diete irizpide aldaketagatik ez dituztela artatuko. Horrek arrisku psikosozialak handitu ditu eta eragina izan du langileen osasunean.

Sindikatuak dio profesional gutxi daudela aitzakiatzat hartuta, Arabako Osasun Mentaleko Sareak duela hilabete batzuk erabaki zuela auto kontzertazioa abian jartzea. Horrek esan nahi du egungo langileek aparteko orduak egin behar dituztela. ELA behin eta berriz agertu da neurri horren aurka. "Partxe hutsa da, ez du sakoneko arazoa konponduko. Langile gehiago kontratatu behar dira, baina profesionalak falta dira Osakidetzak ez dituelako lan baldintza onak eskaintzen", adierazi du.

Gauzak horrela, ELAk Osakidetzaren murrizketak salatu ditu, eta, zehazki, Arabako Osasun Mentaleko Sarearenak, biztanleriari eskaintzen zaion zerbitzuan zuzenean eragiten baitu. Horregatik guztiagatik, urriaren 25ean eta abenduaren 19an sektore publiko osoan deitutako greba egunekin bat egiteko deia egin die langileei.