Osasun publikoa babestu eta negoziazioa eskatzeko mobilizazio dinamikak hasi dituzte sindikatuek Osakidetzan

2022/12/19
ELA, SATSE, LAB, SME, UGT eta CCOOk deituta, elkarretaratzeak izango dira Osakidetzako lantoki guztietan abenduaren 22an. Ekintzek jarraituko dute Gabonak igarota ere, osasun publikoa demokratizatu ahal izateko mahai sektorialaren blokeoa gainditu beharra baitago. Langileen ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa ezinbestekotzat jotzen dute sindikatu guztiek.

Abenduaren 22ko elkarretaratzeak goizeko 11:00etan izango dira, EAEko ospitale guztietan. Horrekin batera, 13:00etan Lehen Mailako Arretako zentro guztietan batuko dira.

Osakidetzako egoera ez da kontu berria. Urte osoa darama zuzendaritzak elkarrizketari uko egiten, konpontzeko dauden arazo larriek bere horretan jarraitzen badute ere: Langileen %50ak behin-behineko kontratua du; plantillaren erosahalmena %20 baino gehiago jaitsi da hamarkada batean; gehiegizko lan karga arazo sistematikoa bihurtu da; behar baino langile gutxiago daude txanda bakoitzean; Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgian murrizketek indarrean jarraitzen dute; murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan eta lan baldintzetan; Garapen Profesionalean murrizketa izugarria egin nahi dute...

Blokeo egoera

Urte hasieran lehenengo, eta uda ostean gero, sindikatuek Mahai Sektorialetik alde egin behar izan zuten egoera zentzugabe horrekin bukatu ahal izateko. Bitartean, birritan gonbidatu dute sindikatuek Osakidetzako zuzendaritza Lan Harremanen Kontseilura, baina entzungor egin diote. Abenduren 7an, baina, Gotzone Sagardui sailburua buru zutela, bildu ziren zuzendaritzakoak sindikatuekin. Emaitza betiko bera izan zen, tamalez: elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren bidean aurrera.

Osakidetzak bere ibilbide orriarekin jarraitzen du, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Mahai Sektoriala ez du errespetatzen, langile eta herritarren mobilizazioei ez die jaramonik egiten eta orain arte antolatutako lau greba egunei ez ikusiaren egiten die.

Hausnarketa egin behar du Osakidetzak

Argi dago Osakidetzaren gobernu ereduari eta barne demokrazia sustatzeko premia larriari buruzko hausnarketa egin behar dela. Bertikaltasuna eta inposizioa Osakidetzako zuzendaritzan hasten dira, baina EAEko Osasun Zerbitzuaren egitura guztira hedatzen dira. Osakidetzaren demokratizazioak blokeoa gainditzea eta langileen ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen ehun profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte hartzailea bultzatuko zuela Osakidetzan. Baina hori ez da nahikoa 37.000 langile baino gehiago dituen instituzio batean. Kategoria, lurralde eta estamentu guztiak ordezkatuko dituen lagin oso eta handiagoa behar du prozesu horrek, zilegia izan nahi badu behintzat.

Errealitate gordin hori ikusita, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikari ekitea.