osasunbidea
Osasun publikoan inbertsioa handitu beharrean murrizketak egitea lehenetsi dute

Osasun Kontseilariak Osasunbideko udako plana aurkeztu du. Plan horrek aurreikusten du ospitaleko 115 ohe ixtea, etxeko ospitalizaziorako beste 34 eta lehen mailako arretako ordutegian murrizketak egitea.
Gainera, Osasun Kontseilariak murrizketa hauek plantillaren oporretarako eskubidearekin justifikatu nahi izan ditu. Neurri hauek erabaki politikoetatik datoz zuzenean, eta ez dute, inola ere, Osasunbidearen egiturazko gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileei lan karga handitzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago.
ELAk salatu du murrizketak inbertsio faltagatik egiten direla. Inbertsio falta horrek, besteak beste, itxarote zerrendak neurriz kanpo handitzea eta udarako planteatzen diren murrizketak ekarri ditu.
Egiturazko arazo bat da, eta, hein handi batean, langile faltan eta plantillaren behin behinekotasunean islatzen da. LEP deialdien eskasiak ondorio kaltegarriak ditu: plantillaren erdiak baino gehiagok aldi baterako kontratua du, partzialtasuna oso handia da, eta kontratuak guztiz prekarioak dira.
ELAk osasun zerbitzu publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren aldeko apustua egin du. ELAren ustez, horrelako zerbitzu bat lortu ahal izateko, ezinbestekoa da Nafarroan Osasunera bideratutako BPGren ehunekoa gutxienez igotzea Europako batez bestekora iritsi arte, hau da, % 8ra. Gaur egun % 5,8a baino ez da. Europako batez bestekoarekiko 2,2 puntuko alde horrek 565,8 milioi euroko igoera ekarriko luke 2024ko aurrekontuan, eta horrek % 38,7 handituko luke osasuneko aurrekontua.