Osasun Sailak iragarritako 2.457 lanpostuak jada existitzen direnez, ez du Osakidetzako plantilla handiaraziko

2022/10/18
Plaza horiek dagoeneko existitzen dira, eta egun behin-behineko langileek betetzen dituzte. Plaza horiek estrukturako aitortzera behartzen ditu Iceta Legeak.

Gaur, Gotzone Sagarduy Osasun Sailburuak iragarri du Osakidetzan 2.467 plaza berri sortuko direla. Zifra horren atzean, ordea, benetako errealitatea ezkutatzen da: ez dira lanpostu berriak izango, ez da langile gehiago izango lan zentroetan, eta ez dira hobetuko plantillaren lan baldintza prekarioak. Zifra hori horrela iragartzea propaganda da.

Izan ere, alde batetik, Sailburuak esan du Lehen Arretan 358 plaza berri sortuko direla. Hasteko, kopuru hori ez dela nahikoa, kolektibo horrek jasaten dituen lan karga oso handiak direlako. Zehazki, egun Lehen Arretan 5.000 langile inguru daude, eta kategoria guztietan gainkarga sitematikoa da; lankarga hori ez da arinduko 358 plaza berrirekin.

Bestalde, Sailburuak ere adierazi du 2.109 plaza sortuko direla gainerako arreta zerbitzuetan. Osakidetzak pazienteak artatzeko 2.109 langile gehiago egongo direnaren irudia eman nahi du, baina itxura besteri ez da. Lanpostu horiek dagoeneko existitzen baitira, egiturazko funtzioei erantzuten diete, eta behin-behieneko langileek betetzen dituzte. Kontua da Osakidetzak iruzurrean eutsi diola behin-behinekotasunari lanpostu horietan, legeak kontrakora behartzen bazuen ere, eta ondorioz, behin-behinekoen lanpostu horiek kodigorik gabe zeuden, hau da, formalki estrukturako langile gisa kalifikatu gabe. 5.000 langile inguru daude egoera horretan. Hala ere, horietatik soilik 2.019 baino ez ditu aitortu nahi. Kopuru hori ez da nahikoa, eta ez du plantillaren handitzea ekarriko.

Ezin da, azkenik, Osakidetzaren honako argudioa ahaztu: behin eta berriz errepikatu dute ez dagoela profesionalik kategoria jakin batzuetan kontratatzeko. ELAk behin eta berriz salatu du profesionalak egon badaudela, baina lan baldintza kaskarren ondorioz Osakidetzatik alde egiten dute. Horren adibide argia da Osakidetzaren azken EPEan familia medikuaren 336 lanpostutarako 1.320 hautagai aurkeztu zirela; 2012 eta 2019 artean, Osakidetzako medikuen kopurua %10 handitu zen, eta osasun pribatuan, berriz, %69. Era berean, Elkargoaren Erakunde Medikoak emandako datuen arabera, profesional medikoek atzerrian lan egiteko egindako ziurtagirien eskaeren errekorra hautsi zen 2021ean.

Gogoratu behar da plaza horien kodifikazioa -hau da, formalki estrukturakoak direla aitortzea- ez da Osakidetzaren borondate onaren ondorio izan. Iceta Legeak behin-behinekotasuna mugatzera behartzen du Osakidetza, eta baita koderik gabeko plazak sortzeko eta egonkortzeko EPEak eskaintzera. Osakidetzak agindua bete besterik ez du egin, beraz. Izan ere, behin-behinean dauden egungo langile horiei ezin die berriro iruzurrean kontratua luzatu (adibidez, ospitale batzuetan larrialdietako mediku gehienek koderik gabeko plazetan dihardute). Horregatik guztiagatik, ELAk egonkortzeko LEPari helegitea aurkeztu dio.

ELAk Osakidetzari eskatzen dio behin-behinean eta koderik gabe dauden 5.000 plazei kodea aitortzea, hau da, estrukturako lanpostuak direla aitortzea, eta, bestetik, behin-behineko langile horiek ere kontsolidatzea. Azkenik, baita lan kargei erantzungo dien lanpostu berriak sortzea ere.