Osasuna pribatizazio bidean

2007/07/17
ELAren Gizalan federazioak Osakidetzak azken urteetan pairatu duen inbertsio falta salatu du hedabideen aurrean. Osasun publikoaren arduradunak gizartea manipulatzeko ahaleginetan ari dira, errealitatearekin bat ez datozen datuak emanaz. Esaterako, ez da egon osasunean inbertsio handiagorik, Administrazioak kontrakoa dioen arren.

ELAk emandako datuen arabera azken urteetan Europako Batasunarekiko aldea nabarmen handitu da, eta, batez beste, 595 euro gutxiago gastatzen da biztanleko EAEn. Gabriel Inclan sailburuak dionaren aurka, begi-bistakoa da osasun publikoan ematen ari den inbertsio eza. ELAren iritziz pribatizazioaren aldeko apustua agerian geratzen ari da, nabarmen.

Autokonzertazioaren porrota ere nabarmendu du ELAk bere txostenean. Martxan jarri denetik ez da inolako kontrolik egon eta arazoak bata bestearen atzetik etorri dira, egoera itzulezina bihurtuz. Irabazleak klinika pribatuak izan dira. Izan ere, gaur egun klinika pribatuek duten lanaren %70 baino gehiago Osakidetzak bideratutakoa da. Zenbait kasutan, kopurua %98ra iritsi liteke.

ELAren esanetan pribatizazioaren aldeko pausoak gero eta sendoagoak dira, Administrazioak asmo hau azken muturreraino eramateko asmoa baitauka.