superabita nafarroan

Osasunbideak kolapsatuta jarraitzen duen bitartean Nafarroako Gobernuak 285 milioi gastatu gabe utzi ditu

2023/03/29
Nafarroako Gobernuak 2022ko aurrekontuaren % 7 (285 milioi euro) gastatzeari utzi zion, nahiz eta Osasunbidean (Lehen Mailako Arretan edo pediatriako ZIUetan) oinarrizko premiak bete gabe eduki, Hezkuntzan neurriz kanpoko ratioak izan eta Errenta Bermatuak LGSrekiko % 50 galdu izan. Gainera, gizarte premiak asetzeko gastatzeari uzten zaion dirua zorra ordaintzeko erabili behar da.

Nafarroako Gobernuak 284,9 milioi euroko superabitarekin itxi du 2022. urtea. Hau da, 284,9 milioi euro gastatzeari utzi dio (aurrekontuaren % 6,9). Diru hori zorra ordaintzeko erabili behar da orain, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak ezarritakoaren arabera. Beraz, Nafarroako Gobernua finantza erakundeen eta bankuen interesak lehenesten ari da gizarte premiak asetzeko gastuaren gainetik.

ELAren ustez, onartezina, inmorala eta antisoziala da Nafarroako Gobernuak lehendik zuen dirua gastatzeari uztea, gizarte premiak larriak direnean. Osasunbidean, Lehen Mailako Arretak kolapsatuta jarraitzen du, itxaron zerrendak gora eta gutxieneko baldintzak betetzen ez dituen pediatriako ZIU bat dago. Eta gainerako eremuetan beharrak ez dira txikiagoak: Hezkuntzan ratioak onartezinak dira, eta Errenta Bermatuak % 50 galdu du LGSrekiko azken bi legegintzaldietan, adibidez. Horri gehitu behar zaio Osasunbideko plantilla ez dela nahikoa, zahartuta dagoela eta erosteko ahalmenaren galera gero eta handiagoa pilatzen duela.

ELAk eskatzen du, dituen baliabideak inbertsio sozialera bideratzeaz gain, zerga erreforma bat egitea, enpresek beren irabaziengatik ordaintzen dituzten zergak handituz diru bilketa handitzeko, eta hori Nafarroako Gobernuarentzat eta hura osatzen eta babesten duten alderdientzat lehentasuna izatea. 8 urte igaro dira UPNk Nafarroako Gobernua utzi zuenetik eta orduko politika fiskal berarekin jarraitzen dugu. Zazpi aurrekontu onartu dira ordutik aurrera, eta Osasunbidera bideratutako BPGaren ehunekoa 2010eko bera da 2023an (UPNk murrizketa larriak egin zituen urte hartan sektore publiko osoan), BPGren % 5,6 (Europa mailako batez bestekoa % 8koa da).