Oso aurreakordio txarra irakaskuntza publikoarentzat

2010/05/12
Gehiengo sindikalaren esanetan, Hezkuntza Sailak eta CCOO eta UGT sindikatuek maiatzaren 12an izenpetu duten EAEko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan egoera arautzeko hitzarmena berritzeko oinarrien proposamenak kalte garrantzitsuak eragingo ditu, bai irakasleen lan baldintzetan, bai ikastetexte publikoetan beraietan ere.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen iritziz proposamen horren bizkar hezurra irizpide bakar batez osatua da: murrizketa. Hezkuntza Sailak berak ez du inoiz ezkutatu datozen urteetan ikasle gehiago eta talde gehiagoren arretaz arduratu beharko dela, baina ez dituela ikastetxeetara baliabide gehiago proportzio berean bideratuko. Aitzitik, irakasleen gaur egungo lan zama handitzea proposatzen dute. Honi baliabideen optimizatzea esaten diote.

Murrizketak ugariak eta sakonak dira alor guztietan. Plangintza eta plantillen atalean, argiro esan behar da orain arteko irizpideak hankaz gora ipini dituztela eta, ondorioz, ikastetxeek plantilla murritzagoak edota behar adina hazi gabeak izango dituztela. Horretarako, besteak beste, sinatu dute 2 urteko gelen irakasle ratioak behera egitea, Bigarren Hezkuntzan bikoizketarako aukerak mugatzea, Lanbide Heziketan eta Aniztasun Kurrikularrean taldeak osatzeko zenbakiak gogortzea edota kudeaketarako ordu-poltsa orokor bat sortzea, oraingo orduak jaitsiz. Baina, harrigarria bada ere, hau ere ezerezean gera daiteke, testuak Administrazioaren esku uzten baitu irizpide ez nahiko horiek ere aldatzea, inolako adostasunik gabe bada ere.

Ordezkapenen arretari dagokionez, aurreko egoerarekiko atzera pausuak gauzatuko dira: orain arte baino egun bat beranduago beteko dira ia baja guztiak. Badira kasu larriak: Lehen Hezkuntzako tutoreenak bosgarren egunean eta Bigarren Hezkuntzako guztienak seigarren egunean beteko dira, kasurik hoberenean.

Hezkuntza Premia Berezien kasuan aldakaterik kezkagarriena kasu horien definizioa bera ere aldatzean datza. Era horretan, izaera hori aitortuko zaizkien ikasleak askoz gutxiago izango dira eta, horrenbestez, baliabide gutxiago bideratuko dituzte.

Irakasleen hizkuntza prestakuntzarako programan, IRALEn alegia, guraizeak ere ederki astindu dituzte eta lanpostuen kopuruak eta ikastaroen iraupenak nabarmen egingo dute behera.

Testuan agertzen diren berrikuntza askok ere, irakasleen eta ikastetxeen aurka jokatuko dute eta atzera pausoak ekarriko dituzte aldez aurretik ez nahikotzat jotzen dugun egoerarekiko: ordezkoeen hainbat lan baldintza okertu eta eskubide batzuk deuseztu egingo dira, ordainsarietan graduen sistema zatitzaile eta hierarkizatzailea ezarriko da, Bigarren Hezkuntzako lanaldia etorkizunean luzatzeko bidea eman dezakeen idazketa arriskutsua adostu dute.

Benetan harrigarria da, edo ez hainbeste haien ibilbidea ikusita, halako murrizketa ekarriko duen proposamen bati CCOOk eta UGTk euren babesa eskaintzea. Lorpenik ez denez, hurrengo egunetan kea nola saltzen den ikasteko aukera handiak izango ditugu bi sindikatu horien eskutik.

Aipagarria da, halaber, sindikatu horiek halako onespena agertzea proposamen honi, Hezkuntza Sailak gure esku oraindik jarri ez duenean aurreko akordioa ordezkatuko duen testu oso bat eta, horrenbestez, indarrean zer geratuko den eta zer ez jakiterik ez dagoenean.

Hau guztia gutxi balitz, gogorarazi beharra dago beste behin aurreakordio hau gutxiengoan izenpetutakoa dela, irakasleen ordezkari gehienen borondatearen aurka indarrean ezarriko den proposamena, gehiengoen eta gutxiengoen printzipìoa bazterrean utziz demokraziaren bideari muzin eginez. Inposizioa hutsaren aurrean gaude.

Bukatzeko, dei berezia egin nahi diegu irakasle guztiei bat egin dezaten maiatzaren 25eko grebarekin. Gaur izenpetutakoa oinarrien proposamena da, ez da akordioa bera eta, horrenbestez, guztiz posible eta beharrezkoa da, mobilizazioaren bitartez, azken akordioa baldintzatzea eta hobetzea. Eutsi eta ekin!