Lan istripua Amurrioko Tubos Reunidosen

Oso larri dago ezbeharrean zauritutako bi beharginetako bat

2023/02/21
Tubos Reunidosek azpikontratatutako Pine Instalaciones y Montajes enpresako langileak dira biak eta mantenimendu lanak egiten ari ziren tentsio handiko lanabesak zeuden eremu batean. Gogor salatu du ELAk lan prekarietateak dakartzan arriskuak eta babesa eskaini nahi dio plantillari.

Amurrioko Tubos Reunidos enpresako azpikontrata da Pine Instalaciones y Montajes, eta bertan egiten dute lan istripu larria izan duten 53 eta 58 urteko beharginak. Atzo, 14:30ak inguru, izan zen ezbeharra eta oso larri zauritu da langileetako bat; ez hain larri bestea. Informazio gehiago biltzen ari da ELA uneotan.

Hildako sei langile, hile eta erdian

2023an, dagoeneko, lan isripuen ondorioz sei langile zendu dira Hego Euskal Herrian. Azpikontratek ezartzen dituzten lan gainkargak, erritmo handiak eta eginbehar arriskutsuek heriotzak eta istripuak eragiten dituzte. Prebentzio araudia modu egokian ezarrita izan ezean, ezbeharrak gertatzeko probabilitatea areagotu egiten da.

Prekaritateak gogor jotzen du lan zentro askotan eta lan baldintzak, urtetik urtera, geroz eta okerragoak dira. ELAren iritziz, enpresek eta Gobernuak ez diote prebentzio eta lan segurtasunari nahikoa dirua eskaintzen, ez eta formakuntzari duen garrantzia ematen. Dirua eta etekinak gailentzen dituzte, langileen ongizatearean aurretik.

Eusko Jaurlaritzak eta lan osasunean diharduten instituzioek lan baldintzak hobetzeko eta prekaritatea lan zentruetatik ezabatzeko lanak lehenestu beharko lituzkete, ELAren aburuz.