EAEko Justizia Auzitegi Nagusia

Ostalaritzako Esparru Akordioa legezkoa eta aplikagarria dela ebatzi dute epaitegiek

2023/03/23
Ostalaritzako Kolektiboko Espainiako Federazioak otsailean inpugnatu zuen EAEko Ostalaritzako II. Esparru Akordioa, eta eskatu zuen legez kanpokotzat jo zedila. Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Aretoak atzera bota du inpugnazioa, ulertzen baitu Ostalaritzako II. Esparru Akordio Autonomikoa ez dela legez kanpokoa eta ezin dela esan aplikagarria ez denik.

Ostalaritzako Kolektiboko Espainiako Federazioak joan den otsailean inpugnatu zuen EAEko Ostalaritzako II. Esparru-Akordioa, eta eskatu zuen legez kanpokotzat jo zedila, argudiatuz aurrez ere indarrean zirela Estatuko Ostalaritzako Esparru Akordioa (ALEH) eta Estatuko Ostalaritzako Hitzarmena.

Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Aretoak atzera bota du inpugnazioa, ulertzen baitu Ostalaritzako II. Esparru Akordio Autonomikoa ez dela legez kanpokoa eta ezin dela esan aplikagarria ez denik.

Espainiako patronalaren asmoa zen, ELAk hasieratik salatu legez, negoziazio kolektiboa izoztea eta negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea estatukoak ez diren beste eremuetan; beraz, beste maila batzuetan -esaterako autonomikoan edo probintzialean- ukatu egiten zitzaigun eskubidea eta zilegitasuna, baita ordezkaritza sindikala edo enpresariena ere.

ELAk ondo irizten dio epaiari, lehen urrats bat baita negoziatzeko eskubidearen aitortzari dagokionez.

ELAk defendatu eta galdegin izan du zor zaiola sindikatu honi langileen erabakiz duen zilegitasun eta ordezkaritza errespetatzea, izan ere, langileek hauteskundez hauteskunde botoa emanez legitimatu baitute sindikatua, eta ordezkaritza aldetik EAEko lehen sindikatu bihurtu.

ELAk negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko borrokari eutsiko dio, hala eremu autonomikoan nola probintzialetan, baita enpresetan ere, hori baita lan baldintzak hobetzeko bermea, estatu mailako akordioek dakarten prekarizazioaren aurka.