Otsailaren 19an, Arabako Metaleko langileek manifestazioa egingo dute hitzarmenaren alde

2022/01/17
Arabako patronalak ez dio erantzunik eman ELAk, CCOOk eta LABek metaleko hitzarmena negoziatzeko aurkeztu duten aldarrikapen plataformari, eta, ondorioz, sindikatu horiek mobilizazioak deitzea erabaki dute.

Joan den abenduaren 21ean, hitzarmena negoziatzeko mahaiaren bileran, sindikatuek beren aldarrikapenak aurkeztu zituzten eta patronalari urtarrilaren hasieran berriro biltzeko eskatu zioten. Patronalak, ordea, prozesua luzatu nahi du, eta, horregatik, ELAk, CCOOk eta LABek erabaki dute aldarrikapen taula enpresetan sozializatzea eta plantillen atxikimendua eskatzea, Arabako Metalaren Hitzarmenaren aldeko manifestazio bat egiteko otsailaren 19an, 17: 30ean, Arabako hiriburuko Bilbo plazatik.

SEAk negoziazioak luzatzeko eta akordio duin bat lortzeko urratsik ez egiteko asmoari eusten badio, sindikatu horiek mobilizazioak areagotuko dituztela aurreratu dute.