Palestinako enbaxadoreak eskerrak eman dizkio CAFeko batzordeari, TransJerusalem proiektutik CAF erretiratzeko egin dituen ahaleginengatik

2019/10/17
Palestinak estatu espainiarrean duen enbaxadoreak gutun bidez eskertu dizkio CAFeko Enpresa Batzordeari TransJerusalem proiektutik CAF erretiratzeko egin dituen saiakerak. Idazkian "okupazio prozesu mingarria pairatzen dutenekiko CAFeko langileek erakutsitako enpatia" nabarmendu du enbaxadoreak, eta "giza eskubideekiko eta indarrean dagoen nazioarteko legezkotasunarekiko errespetua" goraipatu.

CAFeko Enpresa Batzordeak behin baino gehiagotan eskatu dio konpainiako zuzendaritzari ez dezala parte hartu Jerusalemgo tren arinaren eraikuntzan, uste baitu proiektu horrekin Israelgo agintariek okupazio bat legitimatu nahi dutela, bertako biztanleei garraiobide eta azpiegitura normalizatuak emanez, eta, aldi berean, gogorarazi du NBEk "Jerusalemgo ekialdeko lurrak legez kontra okupatutzat" jo zituela. Era berean, langile batzordeak adierazi du ezingo litzatekeela bermatu bertara joaten diren langileen segurtasuna.

CAF Taldeaz eta Shapir eraikuntza enpresaz osatutako TransJerusalem J-Net Ltd partzuergoak irabazi zuen Jerusalemgo tren arinaren proiektuaren esleipena, 1.800 milioi eurotik gorako zenbatekoan.