Palestinarekin elkartasuna

2014/08/04
Makina bat eragile sozial eta sindikalek deituta, ELA tarteko, milaka herritar mobilizatzen ari dira Euskal Herri osoan zehar Israelek Palestinarekiko burutzen duen genozidio gaitzesteko eta sarraski honen aurrean nazioarteko erakundeen geldotasuna salatzeko.

Gazaren aurkako eraso hau duela 60 urte baina gehiago Israelgo Estatuak Palestinaren aurka diseinatu zuen politikaren atal berria besterik ez da. Azken bonbardaketak kausa Gazak oihartzun zabala hartu du albistegietan. Hala ere, lurralde txiki horretako egoera ikaragarri larria da azken urteetan. Azken urteetan jasaten ari den blokeoaren ondorioz elikagaien eta sendabideen gabezia ia erabatekoa da. Israelek Gaza aire librean dagoen kartzela bihurtu du, eta palestinarrak bertan bizirautera behartzen ditu, edozein pertsonak behar dituen gutxieneko gauzak eta zerbitzuak ukatzen dizkien bitartean. Pobreziaren-tasa, Nazio Batuen Erakundeko erakunde ezberdinen arabera, %81ekoa da. 

Israelen blokeo honek etengabe urratzen du gerra garaietan zibilen babes eskubideen inguruko Ginebrako IV. Konbentzioa. Ezin dugu ahaztu nazioarteko legediak berak indar okupatzailea zibilak babestera eta euren eskubideak bermatzera derrigortzen duela.

Palestina manifa Bilbo

Ez dugu onartzen genozidio honen aurrean nazioarteko komunitatea deitzen duten horren isiltasuna eta konplizitatea. Ez gara bi bandoen arteko gatazka baten inguruan mintzo; nazioarteko legediak berak jasotzen eta nabarmentzen duenez, indar kolonial okupatzaile bat dugu (Israel) eta okupatuta herri bat (Palestina). 1967ko azaroaren 22ko Nazio Batuen Erakundeko 242 ebazpenak Israel 1967an okupatutako lurraldeetatik alde egitera derrigortzen du, horien artean, Gaza. Lau hamarkada geroago Israelek nazioarteko mandatu hori bete gabe jarraitzen du. Israel, indar okupatzaile izaki, ez du bete gatazkaren konponketaren inguruko inolako nazioarteko hitzarmenik edo ebazpenik. Bien bitartean, nazioartea isil gelditu da, kasu batzuetan pasibotasuna erakutsiz, eta beste batzuetan zuzenean okupatzailea lagunduz eta sustengatuz. 

Okupatutako Palestinako lurraldeetan egoera ezin larriagoa da. Genozidio honekin amaitzeko ezinbestekoa da munduko herritarren mobilizazioa. Nazioarteko erakundeek Ekialde Hurbilaren inguruko ebazpen ezberdinak betearazi ditzatela lortu beharra dago.

ELAk, beste behin, bere elkartasun eta sostengu guztia adierazi nahi dio Palestinako herriari, eta, era berean, Israeli Gazan egiten ari den sarraskiarekin amaitzeko exijitzen dio. Gainera datozen egunetan antolatuko diren ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dio bere militantziari.