MOBILIZAZIOAK PALISTAK

Palistek mobilizazioak iragarri eta Innpalaren jarrera salatu dute

2025/04/04
Mahaia blokeatuta dago enpresak kaleratutako palistak berriz onartzeari uko egin diolako

Pilotariek mobilizazioak iragarri dituzte Bizkaiko frontoi ezberdinetan, mahaiaren blokeoa eta langileen berronartzeari uko egin izana salatzeko.

Azken negoziazio mahaian, enpresak uko egin dio gaur-gaurkoz kaleratutako bi pilotariez eta hirugarren pilotari baten etorkizuneko kaleratzeaz hitz egiteari. Gainera, INNPALA enpresak aurkeztutako proposamena eskasa da, soilik 900 euro gordineko soldata eta material pixka bat eskaini ditu. Pilotarien oinarrizko aldarrikapenei ez zaio erantzunik ematen, hala nola anbulantziak eta mediku zerbitzua egotea partiduetan, edota kilometrajea eta bidesariak ordaintzea.

ELAk gogorarazi du langileek egun duten soldatekin, pilotari batzuek ia ordaindu egiten dutela palan jokatzeagatik, aparkalekua, bidesariak, gasolina, arropa edo prestatzaile fisikoak ordaindu behar baitituzte.

Zerbitzuaren azken arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia izanik, ELAk beste bilera bat eskatu dio arazo horiei erantzun bat emateko, baina oraindik ez du inolako erantzunik jaso.

Mahaia blokeatuta dago, baina pilotariek argi dute borrokan jarraituko dutela euren helburuak lortu arte. Hori dela eta, hainbat mobilizazio deitu dituzte apirilean zehar Bizkaiko frontoi ezberdinetan.