ELA guztiz atsekabetuta dago Parisen izandako atentatuak direla eta
ELAk exijitzen du atentatu hauek ez daitezela baliatu oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako agenda errepresiboak ezartzeko. Halere, sindikatuak kezka biziz ikusten du hainbat lider politikok honelako atentatuek eragiten duten shock-a aitzakiatzat hartzen dutela eskalada militarrak eta erreakzio xenofoboak legitimatzeko, zeinek pertsona errugabeen sufrimendua dakarten; gehienetan, gure etxetik oso urrun. Egoera hauei aurre egiteko politikak ezin dira agortu "segurtasuna" ahotan hartu eta besterik bilatzen ez duten horietan. Atzo bertan, atentatuak gertatu aurretik, gobernu frantsesak erabaki zuen Schengeneko ituna etetea, herritarren joan-etorri libreari dagokionez. Bere benetako helburua Parisen espero den mobilizazio soziala geldiaraztea zen, izan ere, COP21 klimaren inguruko goi-bilera laster izango baita, eta gobernuei aldaketa klimatikoarekiko konpromiso handiagoa eskatzeko deialdiak izango dira. Hori ez da bidea.
ELAk dei egiten du adituen esana aintzat har dadin, estatuetako segurtasun-aparatu eta -indarretatik apartekoak, zeinek esaten duten honelako dinamika bortizen aurka ohiko erantzun polizialak ezdeusak direla. Herrientzako bake eta justizia agenda orokor batekiko zinezko konpromisoa da, besteak beste, jarraitu beharreko bidea; ez eskalada militar eta poliziala. Zoritxarrez, estatu espainiar eta frantsesak bide alternatibo horri jarraitzeko itxura handirik ez dute ematen.