Parte hartze handia Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren arloko greba-egunean

2019/11/05
Azaroaren 5eko grebak jarraipen zabala izan du Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren sektorean, ezarritako gutxieneko zerbitzuak neurriz gainekoak izan badira ere. Grebara deitu duten sindikatuak ELA, LAB, UGT eta USO izan dira. Eta azaroaren 4an izandako lau orduko lanuzte arrakastatsuaren ondotik dator. Dena dela, gaurko hau ez da azkena izango; sektoreko langileek beste mobilizazio-sail bati ekingo diote laster, beren lan-baldintzen alde. Gaur, EUDELen (Euskal Udalerrien Elkartea) Bilboko egoitzaren aurrean, langileek elkarretaratze bat egin dute, udalerriei gatazka konpontzean parte har dezaten eskatzeko, udalerriak baitira zerbitzu hori azpikontratatzen dutenak. Gero, sektoreko enpresa nagusietatik ibilbidea egin ostean, Bilboko Udaletxearen aurrean amaitu dute mobilizazioa.

 Iazko ekitaldian etxeko laguntzaileek 27 eguneko grebak egin zituzten, eta aurrekoan hamar bat lanuzte; hala eta guztiz ere, ez patronalek, ez erakundeek, ez dute beren negoziazioaren aurkako jarrera batere aldatu orain arte.

Langileek oinarrizko lan-aldarrikapenak eskatzen dituzte: soldata-igoerak, 7 urtez soldatak izoztuak izan ondoren; segurtasun eta osasun arloko neurriak, gaur egun ez daudenak; eta lanaldien malgutasunari mugak jartzea, gaur egun oso zaila baita bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzea.

Aldarrikatzen dutena ez da mugatzen, ordea, lan hobekuntzetara, zerbitzua bera defendatzeko daude kalean. Biztanleriaren zahartze egoera batean zerbitzua indartu egin beharko litzateke, baina kontrakoa gertatzen ari da. Urtez urte, zerbitzu-ordu globalak gutxitzen aritu dira, egiten diren menpekotasun-ebaluazioak ez dira errealistak, eta ordu eta erdi edo biko zerbitzuak ematen genituenean, gaur egun ordubetean egiten ditugu. Azken batean, behar handiagoak dituzten pertsonak denbora gutxiagoan eta baliabide teknikorik gabe kasu gehienetan artatzen ari dira.

Zerbitzuaren kalitatea okertzeko saiakera batzuen atzean erabaki politikoa dago. Zeren murrizketez ari gara, egunero kamuflatuta ikusten ditugunak. Azken finean, eremu pribatura eraman nahi dituzte zainketa-lanak.

Udalak dira zerbitzuaren bermatzaileak, eta bazterrean mantentzeko hautua egin dute; izandako bilerak, interpelazioak eta mozioak gorabehera. Bide batez esango dugu mozio horiek, Bizkaiko udal nagusietan onartu badira ere, ez direla gero bete. Antza denez, etxez etxeko laguntza azpikontratatzea eta zerbitzu horretaz ez arduratzea gauza bera dira.

Azken lanuzte honekin langileek berriro erakutsi dute kalean ez direla konformatuko euren lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea murrizten ikustearekin, eta mahai gainean eduki duinak ez dauden bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela.