Partehartze arrakastatsua Osakidetzako lehen greba egunean

2005/02/17

ELA, SATSE eta SME sindikatuek, Galdakao, Bermeo, eta Zaldibarko hospitaletan eta Barrualdeko Eskualdean otsailaren 17an egin den grebaren balorazio oso positiboa egin dute. Greba egun honek 2.500 langilerengan zuen eragina eta hauetako %85a Barrualdeko Eskualdean eta %76a ospitaletan grebarekin bat egin du.

Barrualdeko Eskualdean esan dezakegu osasun etxeak itxita egon direla eta larrialdiak bakarrik hartu dituztela. Egoera honek erabiltzaile askoren haserrea sortu du Osakidetzak ez baitie euren hitzorduak bertan behera geratu zirela iragarri. Ospitaletan jadanik ingresatuta zeuden gaixoak eta larrialdiak bakarrik atenditu dituzte. Atal honetan ere Osakidetzaren jarrera arduragabea salatu nahi dugu, urgentziarik gabeko interbentzioak zituzten gaixoei ez baitie euren hitzorduak bertan behera geratu zirenaren abisurik eman eta ondorioz ebakuntza batek gaixoari sortzen dion urduritasuna azken momenturarte luzatu dute.

Zerbitzu minimoei dagokienez, sindikatuok Lehen Arretan geratu dena salatu nahi dugu. Arlo honetan zerbitzu minimoen akordioa ez da bete zenbait kontsultategietarako langileak kontratatu dituztelako. Era berean Galdakaoko Ospitaleko bitarteko langileek presioak jaso dituzte greba egun honetan ez parte hartzeko.

Antolatu diren bilkuretan langileen partehartzea ikaragarrizkoa izan da. Amorebietan 500 langile bildu dira eta Galdakaoko Ospitalean 700 inguru.

Greba deialdi hauek antolatu ditugun sindikatuok deialdiak berresten ditugu eta Osakidetzaren jarrera axolagabetzat jotzen dugu, orain arte sektoreko hondoko arazoei jaramonik ez egitea erabaki duelako eta zenbait sindikatuentzako nahikoak izan daitezkeen gaietan geratu delako ordezkaritzaren %80ari jaramonik egin gabe. Dena den berriro diogu edukiak dituen elkarrizketarako prest gaudela eta Osakidetza eta Osasun saila greba honekin gaixoei egin zaien kaltearen arduradun direla. Argi geratu da ez dutela inongo gogorik agertu gaixoei gauzak errazteko.

ELA, SATSE eta SME sindikatuek azpimarratu nahi dugu greba hau osasun alorreko langileen lan baldintzak hobetzearren deitu dugula, gizarteak merezi duen kalitatezko osasun zerbitzuak izan dezan.

ELA * SATSE * SME