Pasaiako Kanpo Portua ez da bideragarria eta beharrezkoa ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik
2012ko urtarrilean Pasaiako kanpo portuko Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari ELAk eginiko alegazioei erantzun die Pasaiako Portuko Agintaritzak (PPA). Sindikatura bidaliriko erantzunean, ELAren alegazioei proiektuaren iraunkortasuna alde batera utzita erantzuten zaie, prozesuaren legezkotasuna eta ingurumenaren babeserako gutxiengoak betetzen dituela azpimarratuz. PPAk alegazioei emaniko erantzuna nahiko eskasa da eta ez die gure alegazioetan planteatzen diren gai nagusiei erantzuten.
PPAk dio “ez duela lurraldean jarduteko guztizko debekuaren planteamendua partekatzen eta beraien aukera legea betez eta arduraz jokatzea dela”. Hau da Jaizkibelgo zonaldearen babes osoa eskatzen duen ELAren alegazioari ematen dion erantzuna, babes osoa eskatzen dugu balio handiko babestutako eremu bat delako eta kanpo portua eraikitzeak sortuko duen eragina atzeraezina delako. Mota honetako azpiegitura bat zonalde babestuan eraikitzea ez da planteamendu kontu bat, iraunkortasun kontu bat baino, eta Portuko Agintaritzak berak dioen bezala, ardura kontu bat. PPAren legea betetze eta ardura kontzeptua nahiko distortsionatua dagoela dirudi. Agintaritzaren proposamena kostako erabilpen legitimoak modu iraunkorrean mantentzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko planifikazio bateratu bat egitea da. ELAk ulertzen du portu bat kostako erabilpen legitimo bat dela, baina eraiki nahi den portuaren tamainarekin eta eragingo duen ingurumen inpaktuarekin legitimitate guztia galtzen du, babes eremuek dituzten erabilpen legitimoak nekazaritza eta abeltzaintza baitira, eta hauek ere murrizketekin. Kanpo portua itsaslabarretan eraikiko litzatekeen arren, ekosistemari eragingo lioke. Eta PPAk espazio honen planifikazioan parte hartzeko eskubidea duen arren, ezin ditu bere interesak gestio horren gainetik jarri, interes ekonomiko pribatuak baitira.
Kanpo portuan eraiki nahi duten plataforma energetikoari buruz ordea, APPk dio planifikazio energetikoa ez dela bere konpetentzia, baina portuaren handitze beharra justifikatzerakoan hipotesi hau egiazkoa balitz bezala erabiltzen du. Segurtasun hori Pasaiako Zentral Termikoak ematen zion, baina dagoeneko bere itxiera errealitate bat da, beraz portuaren handitze beharra txikiagoa da orain. Honek trafikoaren igoeran ere eragin zuzena du, gaur egun mugitzen den trafikoaren zati handi bat zentralera doan ikatza baita, beraz etorkizun urbil batean trafikoak beste beherakada handi bat sufrituko du, krisi ekonomikoagatik sufritzen duenaz gain. APPk ikusten duena soilik “eskariaren prebisioak betetzeko dataren atzerapena da, baina honek ez ditu baliorik gabe uzten BPGren igoerari loturik joango diren itsas trafikoaren hazkundearen joerak”, baina errealitate bat da BPGren hazkundearen zain urte asko pasako direla eta urte hauetan portuak ez duela handitzeko beharrik izango, guztiz kontrakoa agian. Izatea, Pasaiako portuan trafikoen joera beherazkoa izan zen BPGren azken hazkunde urteetan. PPAk “inozotzat” hartzen ditu etorkizuneko trafikoen inguruan ditugun zalantzak. ELAren ustez aurreko oparoaldiak berriro bueltatuko direla pentsatzea da inozoa, bai trafikoak beraien itxaropenak beteko dituztela pentsatuz edo kostako den dirutza modu errazean lortuko dela pentsatuz. 751 milioi euro dira. Hauetatik zati handi bat badia barruko lurrak salduz lortu nahi da eta gainontzekoa 150 milioi euroko kreditu bat eskatuta. Suposatzen dugu lurrak salduta 600 milioi euro atera nahi dituela PPAk. Bizi dugun krisi ekonomiko eta kredituaren krisiarekin hau ez du inork sinesten. Gainera ADIF eta Gipuzkoako Diputazioaren esku uzten da portura iristeko tunelen eta logistika plataformaren eraikuntza. Gipuzkoako Diputazioak jada esan duela proiektu honetan parte hartuko, beraz finantziazioa ez dago bermatuta.
Babes politikorik ere ez du. Bildu eta Aralar hasieratik daude proiektuaren aurka; kongresuko EAJko diputatua den Arantza Tapiak esan du jada ea dela azpiegitura hau eraikitzeko momentua; eta PPko buruzagi batek bilera batean onartu berri digu inoiz ez zaiela ideia hona iruditu. PSOE bakarrik geratu da defendaezina dena defendatzen.
Baina hala ere PPAk berean jarraitzen du. Onartzen duen alternatiba bakarra hirugarrena da, hau da, badiatik kanpo beste portu bat eraikitzea. Ustez erabaki hau ingurumen bideragarritasunaren menpe dago, baina alternatiba aukeratzearen erabakia hartuta dute, dokumentuz dokumentu egiten duten bakarra partxeak jartzea da, Ingurumen Ministeritzak alternatiba hau aukeratu dezan. Prozesuan zehar ez dute benetan beste alternatibarik baloratu, berain helburua azpiegitura hau eraikitzea da, portuaren eta badiaren beharrei erantzun beharrean.
Arrazoi hauengatik ELAk uste du proiektu hau behin betiko alde batera uzteko ordua dela, proiektua ez delako bideragarria eta beharrezkoa ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik, eta ingurumen aldetik guztiz baztertzekoa delako.