Patronala, itsu-itsuan

2013/12/04
ELAk salatu duenez, “barra librea dauka, babes politikoa eta Auzitegi Gorenaren laguntza jasoko duelako ultraaktibitateko epaietan”. Patronala jakitun da epaile kontserbadore kolektibo bat badagoela, eta gehiengoa duela doktrina judiziala ezarriko duten organoetan; horiek bertan behera utziko dituzte orain irabazten ari garen epaiak.

Confebaskek eraso egin die epaile batzuri, ultraaktibitateari buruzko epaiekin langileen aldeko gutxieneko oinarri juridiko batzuk salbatu nahi dituztelako. ELAren ustez Confebasken ateraldia bere intolerantziaren eta handikeriaren isla hutsa da. Deigarria da, gainera, Eusko Jaurlaritzan inork deus esan ez izana; haatik, Urkulluren gobernuarentzat, eskubide laboral eta sozial guztiak txikitzen ari direnean, gatazka soziala omen da sobera dagoen gauza bakarra; onartu ezineko oreka eza adierazten du horrela.

CEOEko ordezkari batek hau esan du: “Magistratuen botoak aldeko izango direla hitz eman digute; bateko aldeaz irabaziko dugu. Erreforma laborala Konstituzionalak onetsiko du, eta ultraaktibitatearen amaiera, Gorenak. Zertarako negoziatu beharko genuke?” Ezin da argiago azaldu: Euren helburua, ordezkari beraren esanetan, “eskubide laboralen kontagailua hutsean jartzea da”.

Patronala jakitun da epaile kontserbadore kolektibo bat badagoela, eta gehiengoa duela doktrina judiziala ezarriko duten organoetan; horiek bertan behera utziko dituzte orain irabazten ari garen epaiak. ELAren ustez, ordena jartzea denbora kontua izango da, ezin baitute ametitu zuzenbide laboralaren suntsipena onartzeko prest ez dauden “erkidego autonomikoetako auzitegien ausardia”.

GAINERA, DE GUINDOSEK LAN-LEGEDIAREN ETA NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAREN ERREFORMA GEHIAGO IRAGARRI DITU

Ministroak joan den astean aurreratu zuen erreforma gehiago egingo dituztela. Kontutan izan behar da CEOEk (zeinen kide baita Confebask) horixe eskatu zuela, aurreko erreforma “motzegia izan zelako”; PPk orain esana betetzeko asmoa du.

Patronalarekiko topaguneak eta kontsentsua goraipatzen dituztenek esan dezakete zertaz hitz egin daitekeen patronalarekin, lege bidetik dena lortzen duelarik? Zer adostu dezake mugimendu sindikalak eskubide sozial eta laboral guztiak birrindu nahi dituen patronalarekin, diru publikoz finantziatzen den lobby horrekin?

Pribilegio hori duela jakinik, Confebask baliatu egiten da eman zaion ordezkaritza-monopolioaz negoziazio kolektiboa blokeatzeko, eta langabeziaz, soldaten jaitsiera eta hitzarmenetan jasotako eskubideen suntsipena lortzeko. Akordioa soilik bere oinarrien gainean egin daiteke, eta horiek inoiz baino atzerakoiagoak dira.

ANTOLAKUNTZA INDARTZEA, EZINBESTEKO HELBURUA

Egungo eta etorkizuneko legea gordina eta basatia da, eta horrek interpelatu egiten du mugimendu sindikala, antolakundea indar dezan. Irtenbide burokratikorik (Lanbidearteko Akordioa) ez dago eskubideen gainbehera honi oztopo egiteko. Urkulluren gobernuak aurkeztutako akordio proposamenari uztailaren 5ean eman zioten ezezkoak, Jaurlaritza, CCOO, LAB eta UGT haizea hartzera bidaltzeak, badu motiborik: ez daukate negoziatu beharrik; negoziatzea zati batean amore ematea da, eta patronalak debalde lortzen du nahi duen guztia.

Egoera latz honetatik irtenbidea badago: gure jendea antolatzea eta eskubide laboral eta sozialen defentsan protagonismoa ematea. Sindikalismoak bere indarra enpresetan ez badu bermatzen, ezartzen diguten errealitateari aurre egiteko gauza ez da izango.