Patronalak betoa ezarri die Gobernuari, CCOOri eta UGTri kaleratze masiboei eta miseriazko hitzarmen estatalei eusteko

2021/12/23
PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute hauteskunde programa bete, beste behin ere amore eman baitute enpresa botereen aurrean; ELAk Kongresuan aurka bozka dezatela eskatu die EAJri eta EH Bilduri. ELAk ez du onartuko halako iruzurrik, eta lan egingo du ahalik eta erantzun zabalena eta sendoena sustatzeko.

ELAk honako hau salatu nahi du: CEOE patronalak betoa ezarri die Sanchezen Gobernuari, CCOOri eta UGTri Zapateroren eta Rajoyren erreformen (2010 eta 2012) alderdi kaltegarrienek indarrean jarrai dezaten, hala nola, kaleratzeak egiten jarraitzeko erraztasuna edota hitzarmenak negoziatzeko abantailazko posizioa (Estatuko esparrua gailentzen da, eta horrek miseriazko lan-baldintzak dakartza).

Krisi ekonomiko gogor baten testuinguruan, Zapatero eta Rajoyren erreformak enpresei eta patronalari botere gehiago emateko erabili ziren. Gobernu horiek lan araudia desregularizatu zuten kaleratze indibidual zein kolektiboak errazteko, lan prekarietatea handitzeko eta soldatak jaisteko negoziazio kolektiboaren aldaketen bidez; horrek are gehiago areagotu zuen desoreka.

Patronalak orduan zera aitortu zuen: uste baino gehiago lortu zuela. Zoritxarrez, gaur ere badu alaitzeko arrazoirik, kaleratzeko erraztasuna eta negoziazio kolektiboan duen abantaila-posizioa bezalako gai garrantzitsuek ez baitute inolako aldaketarik izan.

ELAk behin baino gehiagotan esan du elkarrizketa soziala trikimailua zela erreformak ez indargabetzeko. Enpresek abantaila ugari eskaitzen zizkien lan legea izanik, gezurra zen lan erreforma patronalaren adostasunarekin indargabetu zitekeenik.

Akordio horrek ez du lan erreforma indargabetzen, eta agerian uzten du langile klasearen aldeko aldaketei aurre egiteko Espainiako Gobernuaren anbizio falta. Gogoratu dezagun lan erreformaren indargabetzea PSOEren eta Unidas Podemosen programen parte zen, eta beraz, ez dute bete, beste behin ere botere ekonomikoen aurrean amore eman dutelako. Yolanda Díaz ministroa bera agerian geratu da, azken unera arte eutsi baitio lan-erreforma indargabetzeko konpromisoari, baina ez du bete.

ELA kezkatuta dago lan-erreformak ez direlako indargabetu, eta langileen artean enplegu erregulazioko espedienteek edo negoziazio kolektiboaren zentralizazioak duten eragina oso kaltegarria delako. Irabaziak dituzten enpresek onargaitza den erraztasunez langileak kaleratzen jarraitu ahal izango dute, hilabete hauetan ikusi dugun bezala (Tubacex, ITP, PCB, Alestis...); izan duten oposizio bakarra sindikatuen erantzuna izan da.

Beraz, akordioak egungo legeriari eusten dio, Estatuko sektoreko hitzarmenei lehentasuna ematen baitie lurraldeetako sektoreko hitzarmenen gainetik, eta aukera ematen du ukatzeko Estatu mailan Euskal Herrian negoziatzeko gaitasuna; horrek etengabe mehatxatzen ditu euskal langileen lan baldintzak (Estatuko hitzarmenek eduki okerragoak dituzte) eta Confebaskek eta EAEko sindikatuek sinatutako lanbide arteko akordioa.

Akordio kaskar horrek erakusten du non dauden elkarrizketa soziala deituriko mahai horien mugak: hor ez da patronalak nahi ez duen beste ezer adosten. ELAk gogorarazi du Sanchezen Gobernuak gehiengoa zuela Kongresuan lan-erreforma indargabetzeko, eta aukera hori galdu du.

ELAk ez du onartuko halako iruzurrik, eta ahalik eta erantzun zabalena eta sendoena landu eta sustatuko du.

ELAk gogorarazi du akordio hori Elkarrizketa Sozialerako Mahaian dagoela, baina benetako erabakia Diputatuen Kongresuan hartu beharko dela. ELAk lan erreforma indargabetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta Gobernua babesten duten alderdiei, besteak beste, EAJri eta EH Bilduri.