Patronalak Bizkaiko metaleko negoziazio mahaia bertan behera utzi du

2004/07/18

ELArentzat ekainaren 19an metaleko mahaiaren bileran patronalak egin duen azken eskaintza eskasa da. UGT eta CCOOek bere plataformetan egiten zituzten eskariak gutxitu dituzte. Hain zuzen ere CCOOek azpikontraten subrogazioa batzorde bat eratzearekin trukatu du. Ildo beretik hurrengo bileran LABek beste proposamena aurkeztuko duela azaldu du.

Sindikatuen eskaerak bere asmoetatik urrun daudela erantzun du patronalak; era berean hitzarmenean ez duela lanaldiaren murrizketarik onartuko azpimarratu du. Egoera honen aurrean patronalak negoziazioak bertan behera uztea erabaki du.

ELAren balorazioa

Sindikatuek zenbait errebindikazio alde batera utzi badituzte ere, patronalaren jarrerak, patronala bera asegaitza dela argi uzten du. Guztia gutxi iruditzen zaio.

ELAren ustez prozesu honetan negoziaziorik ez dagoela frogatzen du guzti honek. Gainontzeko sindikatuen hurbilketa ematen ari da, eskaerak murrizten ari dira patronalak ezarritako dinamikan eroso egotearren.

Sektoreko mahaian patronalak inposatzen duen blokeo eta txantai egoeraren aurrean, negoziazio kolektiboan metaleko langileei kezkatzen dieten gaiei buruz hitz egingo dela nabarmendu nahi du ELAk, besteak beste prekarietate edo diskriminazioari buruz.