GIPUZKOAKO METALA

Patronalak eduki berriak proposatu ditu soldatetan eta euskara planetan

2023/04/19
ELAk uste du patronalak funtsezko beste gai batzuk jorratu gabe jarraitzen duela.

Gipuzkoako Metalaren negoziazio mahaiko seigarren bilera egin da gaur, apirilaren 19an. Lehenik, patronalak adierazi du negoziazioan parte hartu duten sindikatu guztiekin bildu dela. Eta ondoren, beste mugimendu bat egin du proposamen berri batekin: soldatetan aurrerapenak proposatzeaz gain, euskararen normalizazioan urratsak egiteko proposatu du.

Patronalaren edukiei dagokienez:

- Soldatetan % 5eko igoerari eutsi dio 2023rako. Zifra hori 2022ko KPIra iritsi ez denez (urte horretan % 5,7 izan zen), 2024rako soldata igoera KPI + % 0,7koa izatea planteatu du. 2025. eta 26. urteetarako KPIa bermatzen da. Hitzarmeneko taulen gainetik dauden langileentzako (soldata errealak), eutsi dio % 80ko igoeraren planteamenduari.

- Adegik onartu du 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan, langileen ordezkariek hala eskatzen badute, zuzendaritza eseri egin beharko dela euskara normalizatzeko eta bultzatzeko plan bat negoziatzeko.

- Aurreko bileretatik hitzarmenean jazarpenaren aurkako protokolo bat sartzeko planteamenduari eusten dio, bai eta estatututik datozen lizentziak lanegunetan hartzeari. Horrez gain, bere gain hartzen du soldataren % 100 ordaintzea laneko istripu eta gaixotasunetan, in itinere izandako istripuetan izan ezik.

- Berriz ere esan du egindako eskaintzek nabarmen gainditzen dituztela Bizkaian edo Araban adostutako metaleko hitzarmenak.

ELAren ustez, tauletako soldatetan aurrerapausoak eman badira ere, ez da aski soldata errealetan planteatzen den igoera.

Euskararen normalizazioan izandako aurrerapena positiboki baloratzen du ELAk. Izan ere, ELAk eta LABek proposamen bat egin zioten Confebaski, metalaren mahaian orain onartutakoaren antzekoa, eta ezezkoa jasoa jaso zuten. Euskarak lan munduan jasotzen ari den erasoen aurrean, bada neurri garrantzitsua.

Bestalde, patronalak uko egin dio lanaldia murrizteari. ELAk lizentzietan hobekuntzak eskatzen ditu, baita sektoreko pertsona prekarioenak defendatzeko neurriak ere. Garaia da genero diskriminazioak eta sexu orientazioagatik sortutako diskriminazioak ezabatzeko.