Patronalak ere AHT merkantzientzat egokia ez dela onartu izana salatzen du ELAk

2010/10/07
Ainhara Plazaolak, ELAko Ingurumen arduradunak utz dezatela AHTaren onurei buruzko gezurrak esateari, eskatu du.

Plazaolak bi adibide jarri ditu:

- Enpresarien Zirkuluak ateratako “Industria konpetitiboa, hazkundea berreskuratzeko gakoa” txostenean dio “AHTaren gastua egungo trenbide sarera berbideratu behar da, merkantzien garraioari bultzada bat emanez”.  

- CEOEk argitaratu duen “Garraio sektorea Espainian 2009” txostenean, zera agertzen da “Abiadura handia ez da egokia merkantzien trenbide garraiorako”.

ELAko Ingurumen arduradunaren arabera “guretzat hau ez da berria. ELAk aspalditik esan du orain patronalak onartzen duena”.

ELAk salatzen du instituzioek ez daukatela argudiorik AHTren proiektuarekin jarraitzeko. Inposatzen ari diren proiektuarekin diru publiko asko enpresa pribatuei ematen ari dira, beste arloetan dauden beharren kalterako. AHTak ez du balio jendeak egunero dituen beharrak asetzeko, eta merkantziak mugitzeko ere ez da egokia. Gainera ondorio konponezinak ditu ingurumenean.

Plazaolak exijitzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari, eta baita espainiako gobernuari ere, “utz dezatela AHTaren onurei buruzko gezurrak esateari eta justifikaziorik ez duen proiektu hau behin betiko bertan behera utz dezatela”.