Patronalak gizarte-elkarrizketan bilatzen du finantzazio publikoa, baita lortu ere

2009/10/08
Euskal gehiengo sindikala, aldi baterako kontratuak laguntzeko 63 miloi erabiltzearen aurka da.

Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak emango ditu kontratuak finantzatzeko, batetik diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duen jendearentzat, eta bestetik langabezian egonda laguntza kontributiborik jasotzen ez dutenentzat (laguntzako prestazioa edo ezertxo ere jasotzen ez dutenak, alegia). Hauxe da joan den astean EAEko “elkarrizketa sozial” izenekoan joan den astean iritsi duten akordioa.

Orain arte akordioaren puntu batzuk besterik ez dira ezagutarazi: enpresek (udal, mankomunitate, irabazi asmorik gabeko erakunde, enpresa pribatu, gizarteratzeko enpresak...) jasoko duten diru-laguntza hilean 1.500 €koa izango da, gehienera ere kontratu bakoitzeko sei hilabetez. Egitasmoa urtebete izango da indarrean. 

ELA, LAB, ESK, STEE EILAS, EHNE eta HIRUrentzat akordio hau ezin da onartu, honako arrazoiengatik:

  1. Eskandaluzkoa da Eusko Jaurlaritzak enpresei hilean 1.500 € ematea langileak kontrata ditzaten. Horrela kasu askotan kontratatzea ia doan aterako zaie, bat ere ahaleginik gabe.
  2. Enpresa pribatuek ere diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, baldintza aski lauso bati eskerrak: dagokion udalak egingo den jarduera interes orokorrekoa edo gizarterako erabilgarria dela ebatzi behar du. Gehiengo sindikalaren ustez, jarduera horiek herri-administrazioek bete behar dituzte.
  3. Diruz lagundutako lanpostuak aldi baterako dira, egonkor bihurtzeko inongo aukerarik gabe, eta diru publikoa erruz banatuko da. Helburua ez da bide honetatik kontratatu direnek lanean jarraitzea. Ez da ez kalitatezko, ez iraungo duen lanposturik sortzen.
  4. Kolokako enpleguaren aldeko apustua egiten dute. Kontratuak gehienez 6 hilabeterako izango dira. Beraz, planak lanpostu berbera betetzeko bi lagun seina hilabetez kontratatzeko bidea irekitzen du. Baten batek uste al du inor 6 hilabetetik gora egongo dela kontrataturik? Gainera, administrazioak kontratuetan egiten diren iruzurren aurka jo beharko luke, baina kontrakoa egiten du, legea hausten duten aldi baterako kontratuak sustatzen baititu. Horrela Europako Batasunarekiko dagoen kolokako enplegu mailaren aldea areagotu egingo da.
  5. Lanpostu motari buruz, hausnartu egin beharko litzateke beharrezko enpleguak ote diren; hala balitz, behin betiko izaera eman behar zaie. Akaso 6 hilabetez beharrezko dira eta gero bapatean ken daitezke?

 

ALTERNATIBAK

ELA, LAB, ESK, STEE EILAS, EHNE eta HIRUk eskatzen dugu plan hau ez dadila aplikatzen hasi; bere ordez, gizarte-babesa areagotu beharko litzateke, eta zerbitzu publikoak eta hauetan dagoen enplegua hobetu. Politika soziala aldatu beharra dago; 63 milioiak, eta askoz gehiago, gizarte-babesera bideratu behar dira.

Hain zuzen, honakoa eskatzen dugu:

1. Gizarte-gastu handiagoa

  • Lanik gabe dagoen inor ez dadila babesik gabe egon.
  • Soldata soziala pobrezia maila gainditzeko adinakoa izan dadila. Krisiak bazter uzten duen jende guztiak jaso behar du diru-sarrerak bermatzeko errenta, baita etxebizitzarako osagarri duin bat ere. Gainera, larrialdi sozialerako laguntza jasotzeko egiten diren eskari guztiak asetzeko behar adina baliabide jarri behar du Jaurlaritzak.

2. Zerbitzu publikoen hobekuntza eta beroietan enplegu gehiago

  • Osasungintza, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak (egoitzak, eguneko zentroak).
  • Kalitatezko enplegua, duin eta egonkorra.