Nafarroako arte grafikoen sektorea

Patronalak hitzarmena berreskuratzeari uko egin diola salatzeko elkarretaratzea egin dute

2025/03/14
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute AEGRAN patronalaren egoitzaren aurrean, Nafarroako grafiketako hitzarmena berreskuratzeko egindako eskaerari ezezko erantzuna eman diolako.

Otsailaren 18an, Nafarroako grafikoen hitzarmena negoziatzeko zilegitasuna duten lau sindikatuek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) ofizialki erregistratu zuten negoziazioak hasteko deialdia, hitzarmena bertan behera geratu baitzen 2014an. Erregistro ofiziala egin zen AEGRAN patronalaren erantzun faltagatik (bertan daude, besteak beste, Idazluma, Gráficas Larrad, Navarpint, Gráficas Zokoa, Zubillaga inprimategia eta Papeles El Carmen enpresak).

Negoziazioa hasteko eskaera formalaren aurrean, ezezko erantzuna jaso zen, 2014tik sektorean eman diren lan baldintzen prekarizazioan patronalaren eta patronala osatzen duten enpresen erosotasuna oso argi utziz.

Elkarretaratze honekin sindikatuek mezu bat bidali dute sektorea aktibatuko dela esanez duela hamar urte kendu zena berreskuratzeko.